Pobreziaren aurkako “ideia bikainez” betetako urria

Bost jardunaldik islatuko dute pobreziaren aurkako borroka ikuspuntu desberdinetatik: hezkuntza, generoa, parte hartzea edo pobrezia energetikoa. "Brillantes Ideas contra la Pobreza" izena duen ekimen honek hainbat jarduera antolatuko ditu urrian zehar, eta urriaren 17an ospatuko den pobrezia ezabatzeko nazioarteko egunarekin koinzidituz.

2018-ko irailak 27

Sareak azpimarratu du “oso garrantzitsua” dela Nafarroako pobrezia eta gizarte bazterketako egoeren inguruan sentsibilizatzen eta horiek ikusgarri bihurtzen eta ezabatzeko bideak bilatzen jarraitzea.”Aurten, ahalegin handia egin nahi izan dugu; izan ere, krisia amaitu dela eta oparoaldia datorrela dioten arren, errealitateak ez du hori islatzen. Ezarri den sistema berri-zaharrak desberdintasuna indartzen du, arrakala are handiagoa eginez”, adierazi dute Sareko kideek.

Aurten, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sarearen urteko jardunaldiez gain, hiru jardunaldi gehiago egingo dira urrian, pobreziari buruzko ikuspuntu desberdinekin eta publiko desberdinentzat. Hain zuzen, jardunaldi horiek estatuko sarearekin (EAPN-ES) lankidetzan eskainiko dira. Gizarte bazterketarekin lotutako gai desberdinak planteatzeko premia ikusi dute, kontzeptu horren ezaugarri nagusia arazoaren dimentsioaniztasuna da eta. “Funtsezkoa da ulertzea bizitzako faktore guztiak elkarrekin lotzen direla familia zaurgarrienentzat ere. Adibidez, lan prekarioa duen pertsona batek ez du erraz lortuko etxebizitza, ezta seme-alabei eskaintzeko elikadura osasuntsua ere”.

Urriaren 3an, Civicanen, hezkuntzak pobreziatik irteteko tresna gisa duen ezinbesteko egitekoa nabarmentzeko jardunaldiak egingo dira. Halaber, gurasoetatik seme-alabetara igarotzen den pobrezia katea hausteko zer neurri har daitezkeen ere azpimarratuko da.

Urriaren bigarren astean, hilaren 10ean, jardunaldi batek pertsonen parte hartzea eraginkorragoa izateko premiak, helburuak eta jomugak azalduko ditu. Gogoetarako espazio bat irekiko da dinamika baten bitartez, eta interesa duten pertsona eta erakunde guztientzako zabalik egongo da. Helburu nagusia aldaketa bultzatzea eta bazterketa egoeran dauden pertsonak ahalduntzea, haien ahotsa entzuna izan dadin.

Urriaren 17aren aurreko egunetan, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sarearen XVIII. jardunaldiak egingo dira Tuteran (urriaren 15ean) eta Iruñean (urriaren 16an). “Emakumea izatea, pobreziarako txartela?” izenburua aukeratu da aurten pobreziaren feminizazioan eragiten duten faktoreak lantzeko, eta berdintasun politiketako hizlari adituak etorriko dira, hala nola Carmen Castro (Sin Género de Duda blogaren egilea) edo Carmen Expósito (Bartzelonako Diputazioko Bizikidetza, Dibertsitatea eta Herritarren Partaidetza Zerbitzuko goi mailako teknikaria).

Hilabetea amaitzeko, pobrezia energetikoari aurre egiteko tailer bat egingo da, TEDER erakundearen eskutik. Tailerrean, Elektrizitateko Gizarte Bonuaz hitz egingo da, eta, halaber, argiaren fakturak interpretatzen eta gastu hori murrizten irakatsiko da. Jardunaldi hori pobrezia eta/edo gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonentzat da bereziki.

Jardunaldiak doakoak izango dira eta edozeinek parte hartu ahal izango du, aldez aurretik izena emanda. Informazio guztia Redpobreza.org web orrian aurki daiteke.

Gehiago