“Plazak aldarriz betetzeko” deia egin du Gure Esku Dago-k ekainaren 7rako

Krisiaren aurrean, mobilizazioarekin “herri erantzun bat” emateko asmoarekin, Gure Esku-k martxan jarritako Hamaika Gara ekimenak kalera irtetzeko deia egin du. Parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramatea proposatzen dute, ondoren lurrean uzteko. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa berrartuko dute ekimena igaro ondoren, eta udazkenetik aurrera indartuko dute kanpaina.

2020-ko maiatzak 28

Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean zehar gizarteko alor askotako eragileekin, eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten hamaika eragilek. Bistan denez, egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak den-dena baldintzatu zuen, eta jakina, ekimena ere bai: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.

“Gure Eskuk Gelditu. Hausnartu. Erabaki” solasaldi digitalak antolatzeko baliatu du geldialdia. “Covid19-aren ondoren mundua nola aldatuko den elkarri galdetuz, zer gertatuko zain geratzen bagara, iraganaren antza gehiegi izango duen normalitate berri batera igarotzeko arriskua handia da”, dio Gure Eskuk. Horregatik, norantz jo nahi den hausnartzeko saioak sustatu ditu. “Izan ere, krisiek ez dituzte berez aukerak zabaltzen; gure erabaki burujabeek, bai”.

Krisiari aurre egitea, denen erantzukizuna

Fase berri honetan, herritarrek eta euren aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste du dinamikak. “Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”. Horregatik, Hamaika Gara ekimenean bat egindako eragileek herri erantzun bat emateko deia egin dute gaur goizean, sare sozialetan eta prentsa ohar bidez, ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean.

Ekimen bateratu honen bidez, herri eta hirietako “plazak berreskuratu eta aldarriz bete” asmo dituzte ekainaren 7an, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara bitartean. Parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramateko proposamena luzatu dute Hamaika Gara ekimenetik, ondoren aldarrikapen guzti hauek lurrean uzteko. Egoerara egokitutako formatu honekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla ziurtatu dute antolatzaileek.

Azkenik, iragarri dute mobilizazio honen ondoren, pixkanaka Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketa berrartzeari ekingo diotela eta udazkenetik aurrera indartuko dutela kanpaina.

Gehiago