Pirinioetako hautetsiak mugaz bi aldeetako lankidetzaren alde, eskualdea suspertzeko baliagarria delakoan

Euskal Herriko hogeita hamar bat udal hautetsi, Pirinioen bi aldeetakoak, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen Etxean bildu ziren azaroaren 29an, Udalbiltzako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak sustatzen duen ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programari buruzko lan jardunaldi baterako.

2014-ko abenduak 2

Euskal Herriko hogeita hamar bat udal hautetsi, Pirinioen bi aldeetakoak, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen Etxean bildu ziren azaroaren 29an, Udalbiltzako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak sustatzen duen ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programari buruzko lan jardunaldi baterako.

Jardunaldiari hasiera emateko, alkate eta zinegotziek programako laguntzen lehenbiziko deialdiaren balantzea egin zuten. 2014an egin da deialdia estrainekoz, eta eskualdearen garapenerako 66 egitasmo aurkeztu ziren. Horietako 19k Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren diru-laguntza jaso zuten. Horiez gain, beste lau proiektuk jaso dute Fondoaren bultzada “Pirinioak Sendotzen” programaren barruan. Guztira 150.000 euroko mugimendua eragin du Pirinioetako esku-hartzearen lehendabiziko urte honetan.

Fondoak tutore bat izendatu du hautaturiko proiektu bakoitzeko, gainbegiratze eta aholkularitza lana betetzeko, eta horretan lagundu dute zenbait entitatek, hala nola, Cederna Garalurrek, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta Gaindegiak. Larunbateko jardunaldian, hiru entitate horietako arduradunek 23 mikroekimenak zertan diren azaldu zieten hautetsiei. Eta ondoren, Jean Mixel Galant Azkarateko auzapezak (Nafarroa Beherea) informazioa eman zien hautetsiei ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programako laguntzen bigarren deialdiaz, hemendik aste batzuetara emanen baita ezagutzera.  

Jardunaldia amaitzeko, Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariorde eta Baztango zinegotziak adierazpen bat irakurri zuen hautetsien biltzarraren izenean, 18 hilabete hauetan eskualdean egindako lanaren balorazioa azaltzeko. Pirinioetarako makroproiektu ekonomikoak behin eta berriz iragarri izanak “lehendik zegoen frustrazioa areagotu baizik ez du egin”, adierazi zuen, eta gero nabarmendu Euskal Herriko Pirinioetako bizilagunek badutela aski gaitasun lurralde hau aurrera ateratzeko ekimenak abiatzeko, eta hala erakutsi dutela aspalditik, bertako osasun zerbitzua, eskolak edo enpresak defendatuz.
 

Dirutza baino, tresnak behar dira
Beraz, gaur egun eskualdeak behar duena “ez dira milioi askoko inbertsioen iragarpen deigarriak, gero lainoaren antzera desegiten direnak”, esan zuen Iturrek. “Egiazko energia iturri sozial eta ekonomikoak behar ditugu, oinarria lur honetan eta hemengo jendearengan dutenak, barne mugimenduak eragin ditzaten. Hitz gutxitan esanda, tresnak behar ditugu, bertako ekintzaileei laguntzeko euren proiektuak abian jartzen, ekintzaileak baditugulako, ekintzaile asko”. Eta, ikuspegi horretatik, ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programa birtualitate osoa bereganatu du baliabide ekonomiko urriak baditu ere”.

Hilabete hauetan Udalbiltzak egiaztatu du Pirinioetan ekimen ugari daudela mugaz bi aldeetako bizilagunen arteko harremanak bultzatzeko helburua dutenak, ekonomikoak, sozialak, kultura eta kirol arloetakoak, instituzionalak… Eta gero eta zabalduago dagoela Pirinioaldea suspertzeko gakoetako bat mugaz bi aldeetako lankidetza dela.

Elkarrekin, indartsuago

“Euskal Pirinioaldeak etorkizuna du, bertako bizilagunen borondatea da horren froga, zailtasun guztien gainetik”, esan zuen Maite Iturrek bere mintzaldiaren emaieran. “Eta Udalbiltzako hautetsiok benetan sinesten dugu gure etorkizuna hobea izanen dela elkarrekin eraikitzen badugu, mugaz bi aldeetako eragile guztiok batera. Elkarrekin indartsuagoak garelako Iruñeko, Paueko edo Bordeleko instituzioak aurrean ditugularik. Eta elkarrekin lortu dezakegulako gure ahotsa entzun dadin erabakiak hartzen diren tokietan”.

 

Gehiago