Pentsiodunen mugimenduak bizikletaz zeharkatuko du Euskal Herriko eskualde guztiak pentsio duinen alde
Ekainean, euskal Pentsiodunen Mugimenduak beste ekimen bat eginen du Euskal Herria barna. Hamahiru egunetan eskualde guztiak zeharkatuko dituzte bizikleta martxa batekin "pentsio publiko duinak eta nahikoak" eskatzeko. Martxa Donostian amaituko du ekainaren 25an manifestazio batekin.
2022-ko ekainak 3
Azken lau urteetan egindako mobilizazioekin, pentsioak murrizten zituzten neurri batzuk gelditzea lortu dute, besteak beste, PPko pentsioen balioa handitzeko 0,25a, baina ez da lortu Pentsio Sistema Publikorako bermeak behin betiko finkatzea, gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren (CSE) nahikotasun- irizpideekin bat etortzea eta pentsioak KPI errealarekin birbalorizatzea; eta indarrean jarraitzen dute pentsioen erreforma ezberdinak, 2011koa esaterako, eta bai 2021eko erreforman, bai 2022ko bigarren zatian, sendotu egin direla dio Pentsiodunen Mugimenduak.
Horregatik, bizikleta martxa honetan, 1080 euroko Gutxieneko Pentsioaren aldarrikapena, Zerbitzu Publikoen defentsa eta Zainketa Partekatuen Lana nabarmendu nahi dituzte. “Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei eskatzen diegu 2023ko aurrekontuetan 1080 euroko osagarria sartzeko, Estatuko Gobernuak Gutxieneko Pentsio hori erabakitzen duen bitartean”, adierazi dute pentsiodunek.
Herritar guztiei dei egiten diete Bizikleta Martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte har dezaten egiten diren ekitaldietan, borroka dela modu hoberena aldarrikapen hauek lortzeko. “Denok dakigu pentsiodunen borrokak egungo langileei ere eragiten diela, erretiroaren ondoren bizi-baldintza duinak lortzea guztioi dagokigun eskubide unibertsala delako. Horregatik, langile, gizon , emakume eta gazteei dei egiten diegu azken etaparen amaierako manifestazioan parte har dezaten, ekainaren 25ean Donostiako Alderdi Ederren 12: 00etan, hain zuzen ere”.