Pello Mariñelarena presoaren heriotzaren 30. urtemugan artearen bidez gogoratuko dute Etxarrin
Presoaren heriotzaren 30. urteurrenean zenbait ekimen eginen dituzte Etxarri Aranatzen: apirilaren 30ean, igandea, dokumentala izanen da, maiatzaren 5etatik 12ra arte 'Piti'-ren lanen erakusketa eta maiatzaren 10ean 'Sorkuntza eta espetxea' mahai ingurua. Maiatzaren 13an ekitaldia eginen dute.
2023-ko apirilak 26
Pello Mariñelarena Imaz etxarriarra 1993ko maiatzaren 15ean hi zen Parisko espetxe batean, “berandu eta gaizki” artatutako gaixotasun baten ondorioz, senideek eta lagunek azaldu bezala. Mariñelarena sortzailea zen, “sentibera eta barne bizitza aberatsekoa. “Gaitasun berezia zuen sakon sakonetik irteten zitzaion barne bulkada hori margolanetan eta olerkietan islatzeko”, diote ekimenen deitzaileek. Espetxeak ez zion sormena eten ere ziurtatu dute.
Mariñelarenaren heriotzaren 30. urteurrenean “Espetxea eta Sorkuntza” egitaraua prestatu dute Etxarri Aranatzen, “oroimen ariketa egitearekin batera presoen eta herriaren arteko komunikazio bidea zabaltzeko asmoz”.
‘Espetxea eta sorkuntza’ egitaraua
Apirilak 30 igandea
18:30 kultur etxean
Apaiz kartzela dokumentalaren emanaldia eta Xabier Amurizarekin solasaldia.
Bidaia erreal bat egoera itxuraz irreal batean kontatzen du. 1968 eta 1976 urteetan Zamorako apaizen kartzelan preso egon ziren lau apaiz presondegira itzultzen dira. Apaiz horietako batzuek hamar urtetik gorako zigorrak jaso zituzten frankismoaren errepresioa salatzen zuten sermoiengatik. Apaiz horietako bi izan ziren Xabier Amuriza eta Etxarri Aranatzen bizitzen aritu den Jon Etxabe.
Maiatzak 5, 6, 7 eta 12
Ostiraletan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara
Iñaki Pikabea “Piti” preso ohiaren Ekinaren Ekinez artelanen erakusketa.
Eskultura, margolan eta collage sorta, gizarteari eta ingurumenari buruzkoak. Artelanetan mugarik gabeko esperemintazioa darabil artistak.
Maiatzak 10 asteazkena
19:00 kultur etxean
Sorkuntza eta espetxea mahai ingurua: Iñaki Pikabea “Piti” eta Jokin Urain Kixkur preso ohiak, Ateramiñe elkarteko kideak.
Maiatzak 13 larunbata
12:30 plazan
“Pello Mariñelarena Imaz 30 urte gogoan. Sormenak batzen ditu presoa eta herria” ekitaldia.