Patxi Ruiz gose eta egarri greba “bukaerara arte” eramateko prest agertu da

Iruñeko erdigunera eraman dute gaur protesta Patxi Ruiz euskal presoari elkartasuna adierazteko. Hasieran Txantrea auzoan burutzekoa zen manifestazioa debekatu dute, eta azkenik PSOEren egoitzaren aurrean elkartu dira 300 bat lagun. Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte manifestazioan. Espainiako Poliziak gertutik jarraitu du mobilizazioa, baina ez dira istilurik izan.

2020-ko maiatzak 17

Estatu espainoleko antolakunde internazionalistek eta Argentinako Euskal Herriaren Lagunak antolakundeak gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz euskal presoaren aldeko manifestuak argitaratu dituzte.

Amnistia eta Askatasunaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, Patxi Ruizen aurkako jazarpenaren etena eta amnistia osoa aldarrikatu dituzte antolakunde internazionalistek. «Patxik bere osasuna eta duintasuna defendatzeko, hil ala biziko borroka abiatu du», adierazi dute, Ceivar, Resiteix, Plataforma Libertad Pablo Hasel, Assemblea Popular Elda-Petrer. Adri et volem a casa!, Movimiento Antirrepresivo de Madrid, Comité D’Asturies Pola Amnistía, Moviment Pro Amnistia eta Rescat mugimenduak.

«Borroka honetan minutu bakoitzak haren aurka egiten du. Hori dela eta, benetako antifaxista eta egiazko demokrata orori dei egiten diogu elkartasun aktiboz jokatzera. Espetxezainek Patxiri eginiko mehatxu eta eraso orok gelditu beharra daukate. Ezer txarrik gertatuko balitzaio, espetxe zuzendaritza eta espetxezain erasotzaileak izango lirateke erantzule zuzenak, baita Espetxe Administrazioa eta Barne Ministerioa ere», gaineratu dute.

Argentinako Euskal Herriaren Lagunak antolakundeak argitaratutako agiria esparru ezberdinetan lan egiten duten Amerikako antolakunde eta pertsonek sinatu dute, haien artean Stella Calloni idazleak, Jose Schulman Argentinako Giza Eskubideen aldeko Ligaren presidenteak, Txileko Sitrem sindikatuak eta Eduardo ‘Negro’ Soares abokatuak.

Agirian euskal presoek pairatzen dituzten eskubideen urraketak salatzen dituzte eta urrunketarekin amaitu beharra dagoela nabarmendu dute. Halaber, Euskal Herrian Patxi Ruizekin elkartasunean elkarretaratzeak egiten ari direla gogoratu dute, eta beste presoek martxan jarritako ekimenak aipatu dituzte.

Zentzu honetan, Mikel San Sebastian presoa gose greba mugagabean ez dagoela ohartarazi du Lesakako Sortuk. 48 orduko baraualdia abiatu zuen, asteburukoa, Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko. Helburu horrekin antolatutako elkarretaratzeak errepikatu dira gaur Euskal Herriko hainbat herritan. Iruñeko Txantrea auzoan manifestazio bat zegoen deituta, baina Madrilgo Gobernuak debekatu du. Dena den, elkarretaratze bat izan da PSNren egoitzaren aurrean.

Halaber, Renneseko emakumeen kartzelan dauden lau presoek gutun bana bidali dizkiete Renneseko eta Murcia II-ko espetxeetako zuzendariei Patxi Ruizen aurkako jazarpena eteteko eskatuz. Kartzela horretan dauden Saioa Sanchezek eta Itziar Morenok kartzelak banatzen duen janariari uko egin diote.

«Bukaerara arte joateko prest»

Atzo Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu zuenez, konfiantzako medikuek ezin izan dute Patxi Ruizekin hitz egin. Igande honetan zazpigarren eguna du Patxi Ruiz presoak gose eta egarri greban, Murtzia-IIko espetxean, covid-19ak sortutako egoeraren testuinguruan funtzionarioek eginiko mehatxuak salatzeko, eta giltzurrunetan arazoak dituela jakinarazi du.

«Hurkoei egindako deian bere borroka berretsi du eta bukaerara arte joateko prest dagoela esan du. Egunak pasatu arren, konbikzio eta koherentzia osoz hitz egiteko gai izan da», azaldu du mugimenduak.

Gehiago