Parlamentuaren gehiengoak bat egin du Sare Herritarraren aldarrikapenekin

Preso dauden pertsonen giza eskubideak eta baldintza duinak ziurtatu daitezela eskatu du Sare Herritarrak, gaur, Nafarroako Parlamentuko Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordean egin duen agerraldian.

2015-ko azaroak 17

Sareren izenean, Joseba Azkarraga, Euskal Gobernuko Justizia sailburu ohiak, Pepe Moulia kartzeletako funtzionario ohiak eta Marilo Gorostiaga preso gaixo ohiak beharrezkotzat jo dute frantziar eta espainiar agintariek euskal presoei aplikatzen dizkieten salbuespen neurriak indargabetzea. Sare herritarraren ordezkarien iritziz, kartzeletako politika horrek ez du betetzen bertako legedia ez Europakoa, ezta bermatzen gaixotasun sendaezinak dituzten presoen zaintza egokia. Gainera presoen senideei sufrimendua eta trabak eragiten dizkie. EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra taldetako kideek bat egin dute Sareren iritziarekin.

Sare Herritarraren ustez, behar beharrezkoa da beraz, presoen sakabanaketa eta salbuespen diren gainontzeko neurriak uztea, “horrek jendartearen bizikidetza indartuko bailuke, eta baita gatazkaren konponbidea erraztu ere”.

Ikuspuntu eta esperientzia berbera ez izan arren, Joseba Azkarraga, Pepe Mouliá, eta Marilo Gorostiagak azaldu dute Saren bildu direla “pentsaera ezberdina duten hainbat pertsona, gizartearen iritzi-espektro zabala, hala sakabanaketaren aurka nola preso, iheslari, deportatu eta hauen senideen alde lan egiteko”.

Duela 26 urte abian jarri zen presoen dispertsio politikaren eta bere ondorioen berri ere eman dute agerraldian. Egun kartzelan diren 463 presoetatik ehuneko 86,6 etxetik 400 kilometro baino gehiagora daude eta ondorioz senide zein lagunek ikusteko urtean gutxienez 63.000 kilometro egin behar izaten dituzte.

Sare Herritarraren iritziz, “presoen urruntze sistematikoa, argi eta garbi, betetzen ari diren kartzela aldiari gehitzen zaion legez kanpoko zigorra da, are larriagoa presoen senideei eta lagunei eragiten dielako”. Marilo Gorostiagak kartzelan gaixotasunari aurre egiteko bere esperientzia azaldu du eta egun gaixotasun larriak dituzten 11 presoren egoera salatu du.

Azkarragak, Mouliak eta Gorostiagak nabarmendu dutenez “giza eskubideak daude jokoan”, Sareren funtsezko xede dela horiek bermatzea eta ziurtatzea, baita presoei ere. “Ezin hori albo batetara utzi. Justizia nahi bada, ezinbestekoa da legeak betetzea, baita kartzelari buruzkoak ere”.

Nafarroako Parlamentuko EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra taldetako ordezkariek bat egin dute Sarek adierazitako iritziarekin, presoek jaioterritik urruntzearen politika salatu dute, eta bereziki, gaixotasun larriak dituzten presoen egoera.
UPN eta PSNko ordezkariek aldiz sakabaneta egokitzat jo dute, Entzutegi Nazionalaren ebazpenek eskubideen urraketa ukatzen dutela eta Nafarroak arlo honetan eskumenik ez duela esanaz, PPko ordezkaririk ez da izan agerraldian.

Gehiago