Parlamentuan torturak salatu eta salbuespeneko egoerekin amaitzeko eskatu dute
Ekineko kide izatea leporatzen diete Gorka Mayo, Jon Patxi Arratibel eta Joxe Aldasorori. Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute. Atzo Parlamentuan izan ziren euren egoeraren berri ematen. Ez ziren UPNko eta PPko ordezkariak izan.
2016-ko apirilak 8
Apirilaren 14tik 21era dute hitzordua Gorka Mayo, Jon Patxi Arratibel, Gorka Zabala eta Iker Morenok. Ekineko kide izatea leporatzen diete eta Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute. Torturak salatu dituzte Parlamentuan. Lan saioan izan dira baina, alderdi guztietako parlamentariak ez dira izan: UPN eta PPkoek erabaki dute bertan ez egotea.
Inkomunikazio aldiekin amaitzea, tortura salatzea eta salbuespenezko egoerekin bukatzea da exijitu dutena. ‘Dena da ETA’ goiburua urtetan erabili du Espainiak eta hori baliatuta atxilotu zituztela salatu dute.
EH Bilduk eskatuta joan dira Ekineko kide izatea leporatutako hiru kide. Alderdi horretako Bakartxo Ruizek bat egin du auziperatuen eskaerekin. Tortura kasu bakanak direla aipatzen dutenen aurrean, praktika sistematikoa dela salatu du, eta gaineratu du salbuespenezko egoerek bere horretan jarraitzen dutela: “Lan politikoa egiteagatik jende asko atxilotu dute baita Nafarroan ere. Egoera hori ez da aldatu”.
Geroa Baik UPNren eta PPren jarrera eta jokaera ulertezintzat jo ditu. Eskubide osoz izan dira hiru pertsona euren egoeraren berri ematen eta “tristea” da entzun ere ez egitea.
“Atxilotutakoen eskubideak ziurtatu behar dira eta horretarako salbuespenezko egoerak amaitu behar du”, hala hitz egin du Podemos-Ahal Duguko eledunak. Izquierda-Ezkerrak ere horixe nabarmendu du: “mekanismo guztiak jarri behar dira martxan torturak amaitu eta berriz gerta ez daitezen”. Alderdi sozialistako Inma Huriok uste du Auzitegi Nazionala ez dela sabulespeneko auzitegia eta ez du uste epaiketa politikorik existitzen denik.
Berdintasunerako Nafar Institutua eta Nafarroako Arartekoarekin ere bilkurak egin dituzte auziperatuak, 8/2013 sumarioan epaituko dituzten nafarrekin batera.