Paris 365, 15 urte pobreziari aurre egiten eta inoiz baino beharrezkoa
2024-ko azaroak 24
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen atzo Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei, “atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain, behar bereziko familiei astean oinarrizko saski bat banatzen, hilean 2 euroren truke. “Azken finean, 15 urte Iruñean eta Iruñerrian pobrezia egoeran dauden pertsonen elikadura eta janzkera duina bermatzen”, zehaztu zuten.
Atzokoa Paris 365 elkartearen boluntarioek, bazkideek, emaileek eta pertsona edo erakunde laguntzaileek egiten duten lana aitortzeko eguna izan zen. Baina baita ere balantzea egiteko aukera ez zuten baztertu: 15 urtetan, milioi erdi gosari, bazkari edo afari daramatzagu zerbitzatuta. Hau da, egunean 80 inguru. Era berean, 11.000 pertsona baino gehiago artatu dituztela jakinarazi zuten.
“Paris 365ek paparra ateratzeko moduko zenbakiak dira. Azkenaldian asko entzun dugu Machadoren esaldi hura, Herriak bakarrik salbatzen du herria dioena, baina nahiago genuke salbatu beharko ez balu. Hori da gure helburua”, nabarmendu zuten.
Aipatutako zifrek “erakundeetan gorritzeko ere balio izatea” nahi dutela aitortu zuten, “badakigulako egiturazko pobrezia egiturazko gelditasunaren ondorioa dela”. Atzo salatu zuten gero eta pertsona gehiago daudela kalean lo egiten Iruñean: 51 aterpetxetik kanpo geratu ziren azaroaren 13an, adibidez.
“Horregatik guztiagatik, 15 urte geroago, sistemaren lotsak estaltzen jarraitzeko betebeharra sentitzen dugu, eta, beste behin ere, herri elkartasuna eskatzen dugu horretarako. Norbaitek lagundu nahi badigu, une honetan batez ere esnea, olioa, hilekorako produktuak eta pixoihalak behar ditugu. Edozein kolaboraziorako, bide guztiak zabalik ditugu gure webgunean”, bukatu zuten.