Palestine action taldeko lau preso politikoen egoera larria salatu du Palestinarekin Elkartasuna ekimenak
Palestinaren aldeko ekintzaileak gose greban daude, eta Gobernu britainarrak entzungor egiten du. Preso hauen osasuna egoera larrian dago eta hainbat aldiz hospitalera eraman dituzte.
2026-ko urtarrilak 7
Kamran Ahmed, Heba Muraisi, Teuta Hoxha eta Lewie Chiaramello dira haien izenak. Gose grebari ekin zioten haien kartzelaratze baldintzak salatzeko, eta baita Gobernu britainiarrak Israelek Gazan burututako krimenetan dituen konplizitateak salatzeko ere. Gose-grebalarien egoera oso larria da: hainbatetan ospitaleratu dituzte, eta sintoma larriak dituzte, hala nola: hitz egiteko zailtasunak, zorabioak, ubeldurak eta muturreko ahuldadea. Gose greba hau honelako ekintza koordinatu handiena da Erresuma Batuan, 1981eko Bobby Sands eta bere kideen gose-grebaren ondotik.
Gose greban jarraitzen duten lau kideen artean, hiru 2024ko azaroan kartzelaratu zituzten, Elbit Systems enpresa israeldarraren Filtoneko egoitzaren aurkako sabotai ekintzak burutu izana leporatuta. Elbit Systems Erresuma Batuan dagoen armagintza enpresa israeldar handiena da. Chiaramello, aldiz, 2025eko uztailetik dago preso, Royal Air Forceren aurkako ekintza batean parte hartu izana leporatuta. Ekintza hartan, bi hegazkin militar pintura gorriz margotu zituzten. Kartzelaratu zituztenetik presoaldi prebentiboan daude, eta ez dute epaiketarik izan.
Palestine Action 2020an sortutako taldea da, eta “Israelgo erregimen genozida eta apartheidezkoarekin mundu mailan dagoen parte hartzeari amaiera ematearekin konprometituta” daude, haien hitzetan. Palestinar herriarekiko elkartasunezko eta konplizitateen aurkako hainbat ekintzaren ostean, 2025eko uztailaren 2an Erresuma Batuko parlamentuak taldea ilegalizatzearen alde bozkatu zuen, talde terrorista dela esanez. Ilegalizatu osteko hiru hilabeteetan, poliziak 1.600 pertsona baino gehiago atxilotu ditu, Palestina Action taldeari elkartasuna adierazteagatik.
Gose grebalarien egoera oso larria da. Larriena Heba Muraisirena da, 31 urtekoa. Gaur 66 egun beteko ditu ezer jan gabe eta hitz egiteko zailtasunak ditu. Hala ere, esan du ez diola grebari amaierarik emango ez badute bere familia eta ingurura hurbiltzen. Izan ere, ehundaka kilometrotara giltzapetu dute, bere isolatzeko. Teuta Hoxhak 60 egun daramatza jan gabe eta memoria arazoak izaten hasi da. Kamran Ahmed hirugarrenez ospitaleratu dute, eta 59 egun daramatza gose-greban. Lewie Chiaramello aldizkako barauladia egiten ari da, nahiz eta 1 motako diabetikoa den; zorabioak, nahasteak eta ahulezia sufritzen ditu, 45 egun gose-greban daramatzan honetan.
Preso dauden beste lau kideek gose-greba utzi dute ospitalizatuak izan eta gero. Qesser Zuhrah, Amu Gib eta Jon Cink ekintzaleek 48, 49 eta 41 eguneko grebaren ostean utzi zuten, hurrenez hurren. Umar Khalid presoak, 22 urtekoa, 13 egunetara utzi zuen greba, distrofia muskularra duelako.
Gose-grebarekin honakoa eskatzen dute: fidantzapean aske utziak izatea, epaiketa justu baterako eskubidea bermatzea, hain komunikazio pertsonalak zentsuratzeari uztea, Palestine Action taldearen despenalizazioa eta Elbit Systems ixtea.
