Palestinaren aldeko olatua ikastetxetara eraman du Ikamak
2025-ko irailak 17
Atzo, Ikamak hainbat kontzentrazio eta deialdi egin zituen ikastetxeetan “Genozidioa gelditu! Ikasleok Palestinarekin!” lelopean. Gazako sarraskia fokuan jarri, eta Israel estatu genozida seinalatzea zuten helburu.
Palestinari elkartasun internazionalista erakutsi nahi izan diete, eta ezin direla ‘sinbolismora mugatu’ eta ‘antolatu eta mobilizatzea, kanpaina indartsuak aktibatu eta genozidioaren konplize diren agenteak seinalatu edota agintariei Israelen aurkako neurriak hartzeko presioa egitea” haien “betebeharra’ dela adierazi dute irakurketan.
Halaber, Euskal Herriko unibertsitateei, publiko zein pribatuei, Israelekin lotura duten enpresekin harremanak behin betiko etetea eta Europar Batasunak eta mendebaldeko gobernuek Israelekin dituzten harreman diplomatiko, ekonomiko, militar edota kultural guztiak haustea exijitzen dute. Palestinar ikasleriari ere aipamena egin diote, suntsitutako ikastetxeak berreraiki eta hezkuntza duin bat izan dezatela aldarrikatuz.
2024ko maiatzean #StudentsForGaza nazioarteko egitasmoak oihartzuna izan zuen, munduko ikasleria Palestinaren alde lerratu baitzen, tartean, Unibertsitateetan antolatutako kanpaldietan. Orduan egin bezala, Palestinaren alde mobilizatzen eta ‘munduko herri zapalduen askatasunaren aldeko borrokan’ jarraituko dutela esan du Ikamak.
