Palestinarekin Elkartasuna ekimenak greba orokorra deitzea eskatu die sindikatuei
2025-ko urriak 9
Milaka lagun bildu ziren larunbatean Iruñean, azken urteetako mobilizaziorik jendetsuenetako batean, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko. Antolatzaileek azpimarratu dute ekimenak Palestinako erresistentziarekiko babesa eta Israelgo estatu kolonialaren desegitearen beharra mahaigaineratu zituela, baita herri palestinarraren autodeterminazio eskubidea aldarrikatu ere.
Mobilizazioaren arrakasta nabarmendu ondoren, antolatzaileek ohartarazi dute urrats gehiago eman beharra dagoela eta horretarako Greba Orokorra antolatzearen beharra jarri dute mahai gainean. Urriko 15erako aurreikusitako geldialdia “sinbolikotzat” jo dute eta eskasa dela uste dute. Horren ordez, sektore guztietara zabalduko den Greba Orokorra aldarrikatu dute “Euskal Herriko kaleak eta ekoizpena geldiaraziz, Israel eta bere konplizeak presionatzeko helburuarekin”.
Gutxieneko aldarrikapen gisa, honako hauek aipatu dituzte: Palestinaren deskolonizazio osoa, preso politikoen askatasuna eta errefuxiatuen itzulera, genozidioaren amaiera eta Palestinaren askatasuna. “Horrez gain, euskal erakunde publikoei eta enpresa konplizeei (CAF, adibidez) Israelgo estatuarekin dituzten harremanak” eteteko eskatu diete.
Palestinarekin elkartasunari errepresiorik ez
Bestetik, salatu dute hiru lagun atxilotu dituztela La Vueltako protesten harira, eta haien askatasuna eskatu dute. Era berean, elkartasuna adierazi diete Flotillako kideei, Israelgo kartzeletan jasandako tratu txarrengatik.
Azkenik, AEBetako Gobernuak proposatutako lehen faseko akordioa onartu izana “albiste ona” dela adierazi dute, baina ohartarazi dute “presioa ez dela eten behar herri palestinarrak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izan dezan”.
