Palestinako Lurraren Eguna ospatuko du Yalak: “inperio genozidak eroriko dira eta olibondoak, herri palestinarrak bezala, bizirik iraungo du”

2026-ko martxoak 24

Martxoaren 30a Lurraren Eguna ospatzen da Palestinan. Indarrez lapurtu zizkieten lurrak berreskuratzeko herri baten borroka gogoratzen da. Baita ere, orain dela 50 urte eman zen gertakari bat: lur-lapurreta masibo horren aurkako protesta batean Israelgo armadak 6 palestinar hil zituen.

“Palestinan, lurrak familia askoren ekonomia ezezik, sustraitze eta leku eta komunitate bateko kide izatearen sentimendua ere sostengatzen du. Eta lur horretan bertan ernetzen da itxaropenaren, itzuleraren, bakearen eta askatasunaren hazia”, azaldu dute gaur Yala Nafarroako kideek Iruñeko Piparrika herri baratzean. Preseski, larunbatean hor bertan eginen dute elkartasun ekitaldia, eguerdiko 12.00etan. Ekitaldia eginen dute, eta musika eta zer jan eta edan egonen da.

Palestinako lurralde historikoan olibondoa bakearen eta bizikidetzaren sinbolo izan dela gogoratu eta gero, aurten ere herritarrak olibondoak landatzera deitu dituzte. Olibondoak baldintza zailetan errotzeko eta bizirauteko duen gaitasunarekin “modu metaforikoan irudikatzen du hamarkadetan zehar, okupazioaren, apartheidaren eta genozidioaren mende dagoen herri baten biziraupena”, azaldu dute.

Denbora horretan areagotu egin dira nekazari palestinarrek Israelgo ejertzitoaren aldetik jasaten dituzten erasoak, baina batez ere kolonoen aldetik. “Beren uztak suntsitzen eta lapurtzen dituzte edo beren lurretara sartzea eragozten diete. Familia osoak kanporatzen dituzte, jipoitzen edo erailtzen ez dituztenean. Hau dena, zigorgabetasun osoz eta Israelgo gobernuaren eta armadaren babesarekin”, salatu dute. Ordea, olibondoak, herri palestinarrak bezala “baldintza txarrenetan eusten, lurrari besarkatuta, hainbeste aldiz erneberritzen ikusi duen lur horri”, azpimarratu nahi izan dute.

Yalak Nafarroako herritar guztiak animatu ditu olibondo bat landatzera edo harekin batera jarduera solidarioak antolatzera, iada landatuta baldin badute. Iaz 30 herrik baino gehiagok bat egin zuten ekimenarekin eta horiekin batera beste hainbat herri ere batuko dira aurten Sartagudatik Pirinioetaraino. “Guztien batura garrantzitsua da, eta tokiko jarduera guztien argazkiak eta bideoak jaso eta batu nahi ditugu Palestinara bidaltzeko, gure berotasuna eta babesa jasotzen jarrai dezaten”.

Era berean, jakinarazi nahi dugu ostiral honetan, Mendillorrin, Iruñeko Udalak Palestinaren aldeko lorategi bat inauguratuko duela, Yala Nafarroak pasa den urtean egindako proposamen bati erentzuna emanez. Ekitaldi horretan Mendillorriko institutuko ikasle eta irakasleek parte hartuko dute; egun hauetan, memoriari buruzko jardunaldiak egiten ari direnak.

Yala Nafarroak ez du ahantzi nahi izan Ekialde Hurbilean ematen ari diren gainontzeko eraso inperialistak. “Olibondoa bezala, zutik egon behar dugu Palestinako, Libiako edo Irango herrien ondoan, baina AEBen eta Israelen politika supremazista eta kolonialisten aurka”, gehitu dute. Bukatzeko, palestinarren erresistentzia gaitasuna goraipatu dute, olibondoenarekin parekatuz: “Inperio genozidak eroriko dira eta olibondoak, herri palestinarrak bezala, bizirik iraungo du.”

Gehiago