PAI eredua eskoletan ez inposatzeko eskaera egin diote Hezkuntzari

D ereduaren ordez, ingelesa eta euskara uztartzen dituen D-PAI eredua «inposatzea» leporatu diote sindikatuek Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariari. Arartekoak familia kaltetuei arrazoi eman dien arren, egoera zuzentzeari uko egin dio Gimenok.

2025-ko irailak 12

Iturria: Euskalerria Irratia

«Errespetu osoz, baina ez dut Arartekoaren aholkua jarraituko». Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak uko egin dio Erriberri, Tafalla, Gares, Sarriguren, Buztintxuri eta Noaingo ikastetxeetan euskarazko murgiltze eredua garatzeari. Familien «borondatearen gainetik» soilik ingelesa eta euskara uztartzen dituen D-PAI eredua eskaintzen dute.

Sortzen guraso elkartearekin batera, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek salatu dutenez, familia anitzek «diskriminazio larria» jasaten dute beren bizitokiarengatik. Erriberri, Tafalla, Gares, Sarriguren, Buztintxuri eta Noaingo ikastetxeetan familiei ez zaie D eredua hautatzeko eskubiderik ematen, zentro horietan D-PAI eredua bakarrik eskaintzen baita. Gainera, aurten ingeleseko orduen kopurua emendatzeko neurria hartu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, eta ondorioz, zientziako ikasgaia ingelesez jaso beharko dute ikasleek.

Sindikatuek eta kaltetutako familiek azaldu dutenez, Arartekoaren aholkua betetzea «erraza» litzateke, ikasgaiak ingelesez eskaintzen dituzten irakasleek euskara ere menperatzen baitute. Haatik, Gimenoren hautua, D eredu hutsean ikasteko eskubidea «ukatzea» dela gaitzetsi dute, eta oroitarazi dute, «euskararen aurkako jarrera» hori jada agerian eman zela, ikasturte honetan, Corellako hamaika familiari D ereduan matrikulatzea debekatu zitzaienean.

Euskarafobia, Hezkuntza Departamenduan

Sindikatu eta elkarteek PSN alderdiaren jarrera «euskarofobikoa» salatu dute: «PSN erabat lerrokatu da gai honetan UPN, PP eta VOX alderdiekin. Gobernu “aurreakoi” baten kontseilaria izan beharrean, Barcinaren gobernuko kidea dirudi eta jada UPNk euskarari jarritako oztopoak areagotzen ari da».

Gobernuaren berehalako norabide aldaketa galdegin dute sindikatuek eta familia kaltetuek Nafarroako Legebiltzarraren aitzinean, lehen osoko bilkura hastear zelarik. Adierazi dutenez, oraindik ere «garaiz da murrizketa euskaofobiko horiek zuzentzeko». 

Gehiago