Ostiral honetan, herri harresia Iruñeko udaletxe plazan, epaiketa politikoen amaiera eskatzeko
Iruñerriko Harresiak herri harresi sinbolikorako deialdia egin du ostiralerako, ekainaren 5erako, Segiko kide izateaz akusatuta Auzitegi Nazionalean berriki epaitu dituzten hamar gazte nafarren absoluzioa eskatzeko.
2015-ko ekainak 1
Arratsaldeko 7etan izanen da mobilizazioa, eta bertan, bide batez, protesta eginen dute Arrotxapeko Ibon Esteban eta beste sei gazte independentista espetxeratzearen kontra.
Begi bistakoa da Alderdi Popularrak ezker abertzaleko eta herri mugimenduko militanteak espetxeratzeko apustuari eusten diola. Horrexegatik, epaiketa politikoak eta pertsona horien kontrako zigorrak zeharo bidegabeak direla iritzita, Iruñerriko Harresiak eta LIBREko gainerako taldeek uste dute "herri harresia dela tresnarik egokiena borrokarako eta desobedientziaz jokatzeko, eraso hauek behingoz geldiarazteko. Ostiraleko mobilizazioan, hortaz, inputatu guztiak babesteko gure erabaki irmoa agertuko dugu, herri harresiaren bitartez babestekoa ere, beharrezkoa baldin bada".
Nafarroan 44 lagun ditugu inputaturik sumario politikoetan, eta beste 6 kartzelan arrazoi beragatik. Aste hauetan jakinaraziko diren bi epairen zain gaude: Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten Iruñerriko 10 gazteen kontrakoa (seina urte eskatzen diete), eta Auzitegi Gorenak herrikoen sumarioan eman behar duena. Horrez gain, prebisioen arabera, azaroan hasiko da Batasunako 35 militanteren kontrako epaiketa, eta baliteke Askapenako kideen kontrakoa ere udazkenean egitea.
Bestalde, joan zen astean jakin genuen Auzitegi Nazionalak 8 urteko espetxe zigorra eskatu duela Gorka Zabala, Iker Moreno, Iñigo Gonzalez, Jon Patxi Arratibel eta Gorka Mayorentzat (2011ko urtarrilean atxilotu eta espetxeratu zituzten).
Ostiraleko mobilizazioa prestatzeko eta epaiketa guztien gorabeherak aztertzeko, batzarrerako deia egin dute: bihar izanen da, asteartea, Zabaldin (Nabarreria plaza), arratsaldeko 7etan.