Ostiral honetan etxegabetze bat gelditzeko deia egin du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
2024-ko urriak 1
Datorren ostiralean hipoteka betearazpen baterako data dago ezarria Artikaberrin: Ibercaja bankuak emakume bat bere etxetik bota nahi du, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi duenez. Horren aurrean, protestarako deia zabaldu dute.
Etxegabetua izateko mehatxuan dagoen emakumeak 2005. urtean erosi zuen bere etxea, Ibercaja bankuari kreditu bat eskatuta, hain justu “zabor-hipoteka” deiturikoen goraldi betean. Ia 20 urte daramatza etxe honetan bizitzen, beraz. Duela zenbait urte, ordea, “emakumearen egoera ekonomikoa okertu zen, eta hipoteka ordaintzeko arazoak hasi ziren”, etxebizitza sindikatuko kideen hitzetan. Horretaz gain, azken urteetan hipotekaren hileroko kuota nabarmen garestitu zaio, “1000 euroak gainditzeraino”, kolektiboak nabarmendu duenez.
Ibercajaren irabaziak, gora
Sindikatuaren iritziz, “etxebizitzaren arazoak langile klasearen bizitzetan dituen ondorio lazgarriak geroz eta nabarmenagoak diren aldi berean, errentatzaileen eta bankuen negozioa handituz doa”. Horren adibide dira Ibercajak emandako datuak: 2024. urteko lehenbiziko seihilekoan haien irabazi ekonomikoak %21,2 handitu dituzte, joan den urteko aldi berdinarekin alderatuta. 152 milioi euroko irabazi garbiak sei hilabetetan, bankuak publikoki adierazi duenez. “Poltsikoak betetzen dituzte etxebizitzak hustutzen dituzten bitartean”, etxebizitza sindikatuaren esanetan. Eta oroitarazi dute: “2008an krisiak leher egin eta gero diru publikoz erreskatatu zuten bankuetako bat da Ibercaja”.
Bien bitartean, “politikari profesionalen hipokrisia” salatu nahi izan du Iruñerriko kolektiboak. Diotenez, “hipotekagatiko etxegabetzeak geldiarazi zituztela aldarrikatu zuten harro duela zenbait hilabete, baina hauek gertatzen jarraitzen dute”. Moratoriak moratoria, etxegabetzeen odolusteak ez du etenik, sindikatuko kideen hitzetan. Kontrara, “haien promesak eta adierazpen triunfalistak gorabehera, alderdi politiko guzti-guztiek etxebizitzaren negozioa sustatzen amaitzen dute hartzen dituzten neurriekin: etxejabeentzako diru- laguntzak, errentatzaile eta bankarien mozkinak bermatzea, eraikuntza-ziklo berri bat abiaraztea, lankidetza publiko-pribatua… horiek denek etxebizitzaren negozioa mantentzeko funtzioa betetzen dute”. Esaldi batean laburbildu nahi izan dute ideia hori: “negozioa da lehentasuna, eta ez etxebizitzarako sarbidea”.
Ostiralean, 8.30etatik aurrera Artikaberrin
Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek “etxegabetze guztien baldintzarik gabeko etetea” aldarrikatzen dute, haien hitzetan, eta hortaz, “etxegabetze hau gelditzeko lanean” ari direla adierazi dute. Ildo beretik, etxegabetzearen egunean atariaren aurrean biltzeko deia zabaldu diote lagundu nahi duen orori: “etxegabetzea gelditzeko mundu guztiari deialdira batzeko gonbita luzatzen diogu”. Zehaztu dutenez, protesta-kontzentrazio hau datorren ostiralean, urriaren 4a, izango da, goizeko 8:30etan Artikaberri auzoko Maiatzeko Plazako Amak kalearen 3. zenbakian. “Etxegabetze guztien kontra. Etxebizitzaren negozioari ez!” lemapean mobilizatuko dira.