Ospakizun herritarra eta protestak Nafarroako Egunean

Orreaga Fundazioak antolaturiko ekimen herrikoiak jai giroan ospatu badira ere, Nafarroako Gobernuak Felix Huarte eta Miguel Urmeneta "agintari frankistee"i emandako Urrezko Dominak protestak eragin ditu.

2014-ko abenduak 3

Nafarroako Urrezko Domina Felix Huarte eta Miguel Urmenetari ematea erabaki du aurten gobernuak, Nafarroako industria plana bultzatzeagatik. Eguerdian izan da sari banaketa, Nafarroaren Egunean; haien seme-alabek jaso dituzte. Jesus Huartek eta Maria Urmenetak domina eskertu dute, eta haien aitek Nafarroa industrializatzeko egindako "ahalegina" goraipatu dute.

Yolanda Barcina lehendakariak ekitaldian adierazi du "inoiz" ez dela izan halako "eztabaida sozialik" Urrezko Dominaren gainean, eta salatu du "batzuen erreakzio buruarinek" eragin dutela. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilaria, Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria eta UPN, PSN eta PPko parlamentariak. Ez dira joan EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerrako ordezkariak.

Aurretik, protestak izan dira, erabakia salatzeko. Memoriaren Autobusa elkartekoak Nabarrerian biltzekoak ziren, baina ez diete utzi, eta Mercaderesen batu dira azkenean. Frankismoaren apologiari ez pankarta atera dute hainbat lagunek; salatu dutenez, gobernuak Nafarroako memoria historikoaren legea urratu du, horretan zehazten baita "frankismoarekin lotura dutenak" ezin direla goratu.

Batik bat Huarteri domina emateak sortu du kontrakotasuna. Eraikuntza enpresa bateko arduraduna izan zen frankismo garaian, eta obra esanguratsuak egin zituen: Erorien Harana, adibidez. Nafarroako Parlamentuak, esaterako, desegokitzat jo du gobernuaren erabakia, eta saria frankismoko biktimei emateko eskatu du. Eskaera hori babestu zuten UPNk eta PPk ez beste alderdi guztiek.

Orreagaren jarduerak

Nafarroaren Egunaren harira, Orreaga fundazioak goizetik arratsaldera bitarteko ekitaldiak prestatu ditu. 11:30etik aurrera, kalejira egin dute Udal plazatik. Ekitaldi nagusia, berriz, 13:00ean izan da, Foruen monumentuan. Bazkaria antolatu dute ondoren.

Gehiago