Ospa: “Errepresioaren aurkako borrokak premiazkoa izaten jarraitzen du”
Pasa den igandean Ahotsa.info-ri igorritako bideoaren eta komunikatuaren harira, Ospa! ekimenak ohar bat kaleratu du esanez hitz horiek ez direla izan ekimenaren baitan adostutakoak, eta nahiz eta aurten eguna ez den antolatu horrek ez du esan nahi "aurrerantzean egongo ez denik ezta OSPA!-ren jarduna bera eten denik ere".
2023-ko irailak 6
Ahotsa.info-n igande gauean argitaratutakoaren harira, Ospa! ekimenetik ohar bat kaleratu dute esanez hitz horiek ez direla adostutakoak izan eta ez dituztela bere gain hartzen. “Aurten OSPA! egunik ez antolatzeak ez du esan nahi
aurrerantzean egongo ez denik ezta OSPA!-ren jarduna bera eten denik
ere. Are gehiago: errepresioaren aurkako borrokak premiazkoa izaten
jarraitzen du, izan ere, sistema kapitalistak dirauen bitartean
burgesiak bere ordena mantentzeko ezinbesteko zaion tresna baita
errepresioa”.
Komunikatu honetan aipatzen dira “errepresio horren isla poliziaren eskutik exekutatzen diren langileen
aurkako ekintzak”, hala nola “desalojoak, kontrolak, isunak, atxiloketak…” Errepresioaren gorakadaz hitz egiten dute, eta hori “ustezko gobernu progresistenaren eskutik” heldu dela salatzen dute. “Sozialdemokraziaren kudeaketak argi utzi du berriz ere polizia
kapitalismoari loturiko arazo estrukturala dela eta poliziak bete
beharreko funtzioak ezin dituela aldatu”, eta indar polizi guztiei aipua egiten zaie.
Alde Hemendik! leloaren erabilera desegokia
Igandean argitaratutako bideoan eta oharrean “Alde Hemendik!” leloa erabiltzen zen, baina Ospa! ekimenaren hitzetan “erabilera desegokia” da gaur egun.
“Nahiz eta Euskal Herriko gatazkan aldarri garrantzitsua izan den, gaur
egun poliziaren auzia bere osotasunean azpimarratzen duen leloa
beharrezkoa dela uste dugu. Poliziarik ez! aldarriak adibidez,
poliziaren forma bera ezeztatu eta horren gaindipena lortzea bilatzen
du”, aipatzen dute oharrean. “Polizia sistema kapitalistari beharrezkoa zaion bezala, azken hau
suntsitzea ezinbestekoa da poliziaren funtzioarekin bukatzeko. Hau da,
polizia ezin da nazio mailan soilik konpondu daitekeen auzitzat hartu,
auzi internazionala da”.
Oharrarekin bukatzeko, argi utzi nahi dute ez dutela “urteetako garapen eta
ibilbidea modu interesatuan desitxuratzen utziko”.