Osasun sistema publiko duinaren aldeko elkarretaratzea Elizondon bihartik aurrera medikurik gabe geratuko direlako

2024-ko irailak 12

Elizondoko osasun etxearen egoerarekin kezkatuak, Baztango Osasun Plataforma sortu dute herritarrek eta hainbat mobilizazio deialdi egin dituzte. Irailaren 29an manifestazioa eginen dute Elizondon.

Iturria: Erran.eus/Noticias de Navarra

Elizondoko osasun-zentroak krisi bati aurre egin beharko dio Lehen Mailako Arretan; izan ere, baliteke irailaren 13an medikurik gabe geratzea 3.000 paziente baino gehiago artatzeko. Joan den maiatzetik, mediku bakarra aritu da osasun-zentroan beharrezkoak diren hiru lanpostuak betetzen, baina irailaren erdialdean beste zentro batera lekualdatzea aurreikusten da.

Abuztuan egindako batzar batean, 200 lagun inguru bildu ziren Nafarroako Osasun Plataformak deiari jarraituz. Bertaratze handiak agerian utzi zuen gai honek herritarren artean sortzen duen kezka.

Topaketan, Lazaro Elizalde plataformako kideak erakunde horren funtzioak, egiten dituzten jarduera nagusiak, gaur egun osasun publikoaren sisteman sumatzen dituzten erronkarik garrantzitsuenak eta erantzun posibleak zehaztu zituen.

Aste honetan izan dute lehenbiziko elkarretaratzea, eta jendetza bildu da osasun zentroaren aitzinean. Hurrengoa heldu den asteazkenean izanen da, 11:30ean leku berean, eta azkena irailaren 25ean izanen da, 19:30ean. Irailaren 29an, igandea, manifestazioa eginen dute 12:00etan Elizondoko plazatik abiatuta.

Gehiago