Osasun Sailak eta Iruñeko Udalak Alde Zaharreko Osasun Etxearen irisgarritasun-beharrak alde batera utzi dituztela salatu du AZ Ekimenak
AZ Ekimenak salatu du Osasun Sailak eta Udalak berriro baztertu dituztela Alde Zaharreko Osasun Etxearen irisgarritasun beharrak. Ekainean Nafarroako Arartekoak bi administrazioei elkarrekin irtenbide bat bilatzeko eskatu zien, Kaldereria kaletik sarbide bat gaituz.
2023-ko urriak 10
2021ean, AZ Ekimenaren Osasun Taldeak auzotarren 476 instantzia aurkeztu zituen. Bizilagunek diote, Kaldereria kalean baranda bat eta atezain automatiko bat konponduko lukeela Osasun Etxearen irisgarritasunaren arazoa, izan ere, egun, sarrera bakarra du Konpainia plazan eta sarrerak dituen hesiek, mugikortasun arazoak dituztenei edota adinekoei sarbidea zailtzen diela salatu dute. Hesiez gain, Kuria kaleko aldapak adibidez, edota Kaldereria kaletik Konpainia plazara igotzen diren eskailera aldapatsuak sarrera zailtzen dutela ere bai azaldu dute. Alde Zaharreko bizilagunek sarrerako hesiak kentzeko eta Kaldereria kalean sarrera berri bat egiteko eskatu zuten, baina eskaria, Udaletik Nafarroako Gobernura salto eginez, gaur egun, irtenbiderik gabe aurkitzen dira bizilagunak. Ekainean, Nafarroako Arartekoak bai Gobernuari eta bai Udalari ere, “modu bateratuan” Alde Zaharreko Osasun Zentrorako irisgarritasuna hobetzeko auzokideen proposamenak helarazi zien. Baina haien erantzuna egoera alde batera uztea izan zen.
Iruñeko Udalak Arartekoari igorri dion erantzunak ez du onartzen irisgarritasun beharren gaineko erantzukizunik, eta Nafarroako Gobernuari igorri dio, honako hau adieraziz: “eraikinaren titularra den Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak aurkezten dituen irisgarritasuna hobetzeko proposamenak aztertzeko eskaintzen da”. Osasun Sailak, bere aldetik, dio Alde Zaharreko Osasun Etxeko irisgarritasuna bermatuta dagoela eta AZ Ekimeneko Osasun Taldeari helarazi dio beste sarrera bat egitea bideraezina dela, AZkoei inoiz eman ez dizkion azterketa teknikoetan oinarrituta. Erantzun horien aurrean, Arartekoak Osasun Taldeari azaldu dio legez ezin duela horri buruzko jarduera gehiagorik egin, eta “atsekabea” adierazi du “Administrazioak jarrera aldekoagoa hartu ez duelako” bizilagunek aurkeztutako beharrei eta taldeak proposatutako konponbideari dagokionez.