Orkoiengo ihauterietan euskararen aurkako jarrera faxistak salatu dituzte

Iragan larunbatean gertatu zen erasoa, eta inauteriko ospakizunak bertan behera utzi behar izan zituzten jazarpenaren ondorioz. Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak esan du gertatutakoa «oso larria» dela.

2026-ko otsailak 26

Iturria: Berria.eus/Ahotsa.info

Euskararen eta euskaldunen aurkako eraso batek inauteriko ospakizunak eten zituen Orkoienen , iragan larunbatean. Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak ohar bidez salatu duenez, euskararen aurkako «oihuak eta irainak» bota zituzten bizilagun batzuek, eta handik gutxira, giroa gaiztotzen ari zela ikusita, ospakizuna bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek: «Ekitaldi guztiak ele bitan izan ziren, baina, egunak aurrera egin ahala, tamalez, bizilagun batzuk euskararen aurkako oihuak eta irainak botatzen hasi ziren. Giroa ez zapuztearren, jendeak ez zien jaramonik egin, baina elektrotxaranga jotzeko prestatzen hasi zenean oihuak eta irainak mehatxu eta jazarpen fisiko bihurtu ziren, eta antolatzaileek ospakizuna bertan behera uztea erabaki zuten», azaldu du taldeak.

Orkoiengo Euskaltzaleek elkartasuna adierazi diete herri inauterien antolatzaileei, elektrotxarangako kideei eta, oro har, «jazarpena bizi izan zuten guztiei», eta horrez gain, gogoeta egin dute, erasoaren inguruabarren harira.

Taldeko kideen ustez, inauterietan gertatutakoa «oso larria» da: «Euskarari eta, bereziki, gure herriko bizikidetzari egindako eraso zuzena». Gisa horretako erasoak egiten dituztenei egotzi diete «liskarra baino ez» nahi izatea, eta hortaz, uste dute inauterien antolatzaileek «bikain» jokatu zutela, egitaraua bertan behera utzita eta «probokazioetan erori gabe». Hala ere, uste dute erasoak ezin direla utzi erantzunik gabe: «Aitzitik, jendaurrean salatu eta haien berri zabaldu behar da. Erantzun irmoa ematen ez badiegu, zer gertatuko da euskarak presentzia duen hurrengo ekitaldietan? Beldurrez egongo gara jarduerak ele bitan egiten ditugunean? Jendeak parte hartzeari utziko dio erasoen beldur delako? Geure burua zentsuratu beharko dugu arazorik ez izateko?».

Larunbateko gertakariak «azkenaldiko oldarraldi euskarafoboarekin» lotu ditu Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak, baina argi utzita euskara «aitzakia» baino ez zela izan, «beste askotan generoa, jatorria, sexualitatea edo azalaren kolorea diren bezala». Funtsean, larunbateko erasoa «bizikidetzaren, aniztasunaren eta askatasunaren aurkakoa» izan zela uste dute taldeko kideek: «Amorru eta tristura ikaragarria sentiarazten digu XXI. mendean oraindik ere intolerantzia hau bizi behar izateak».

Horregatik guztiagatik, euskara «eta oro har hizkuntzak, kulturak eta aniztasuna» zaintzeko deia egin dute Orkoiengo Euskaltzaleek, «elkar ulertzeko bideak baitira, gizarte bidezkoago eta hobe bat eraikitzeko bideak».

“¿Qué pasa, tenéis algún problema con que sea español? Pues soy español ¡¿qué pasa?!”

Berriozarko Elektrotxaranga kide batek, Ahotsa.infok jasotako adierazpenetan esan du istiluak inolako aurrez aurrekorik izan gabe hasi zirela. “Joan ginen Orkoienera jotzera, ailegatu ginen eta hasi ginen karroa muntatzen. Bukatutakoan, soinu proba hasi behar ginela, agertu zen gure adineko mutil bat oihuka. “¿Qué pasa, tenéis algún problema con que sea español? Pues soy español ¡¿qué pasa?!” Ez genion kasurik egin eta gure gauzetan jarraitu ginen, baina bera oihuka jarraitzen zuen. Azkenean herriko batek eraman zuen. Eta hor hasi zen iskanbila: hasi zen jendea frontoitik ateratzen, haserre, ea zer esan genion mutilari eta teléfono apurtua jokuan bezala zabaldu zen guk zerbait esan geniola. Orduan hasi ziren gure kontra egiten oihuka eta irainka. Hortik ratu batera berriz agertu zen mutila. Korrika zetorren guregana jotzeko asmotan, baina bertako beste jendea babestu gintuen. Eta orduan aita bati lepotik hartu zioten eta egoera okerrera jo zuen. Orduan erabaki genuen Berriozarrera bueltatzea. Azkenean joan ginen eta Berriozarren geundenean, ailegatu zen Foruzaingoa Orkoienera.”

Orkoiengo Udalaren erantzuna

Orkoiengo Udalak ere ohar bat argitaratu du larunbatean jazotakoaren harira. Alejandro Lopez Orejuela alkateak (PSN) sinatutako adierazpenean, ez zaio aipamen zuzenik egiten gertatutakoari; aitzitik, «inauterietan izandako gertakari batzuk» aipatzen ditu, eta gertatutakoa justifikatu, esanez «zenbait diskurtsok herrian eragindako tentsio giroaren» ondorio dela: «Udal gobernu honek herria modernizatzeko xedez sustatu dituen politikak aurkeztu nahi izan dituzte bazterketaren motibo gisa. Dinamika hauek, minoritarioak izanagatik ere, beharrik gabe gaiztotu dute giroa». Lopez Orejuelak iragarri du, bestalde, bizikidetza plan bat jarriko dutela abian, «tentsioak baretzeko, elkarrizketa sustatzeko, eta bermatzeko inor ez dela baztertua edo seinalatua sentituko bere ideiengatik edo identitateagatik».

Gehiago