ONEKA, Euskal Herriko Emakume Pentsionisten Elkartea sortu dute seltore honen eskubideak defendatzeko

Hego Euskal Herriko emakume pentsiodunek euren eskubideak defendatzeko tresna berri bat dute: ONEKA. Elkarte berri honen helburua gizarte orekatua, justua, bidezkoa eta etorkizuneko ikuspegia duena sortzen laguntzea izanen da, emakumeen aldarrikapenak kontutan hartuko dituena.

2018-ko urriak 18

Hego Euskal Herriko adineko emakume eta pentsiodunen egoera gizarteratzeko sortu berri den ONEKA elkartearen lehenengo agerraldia egin zuten atzo Donostian. Emakume hauek sufritzen duten bazterketa salatzeko eta agenda politikoetara eramateko kalera irtetzeko prest agertu dira.

Orain hainbeste pentsioetaz ari garela, ONEKA elkartetik azpimarratu nahi izan dute gizonek jasotzen dutena baino askoz baxuagoa dela emakumeek jasotzen dutena, eta horrek sortzen dituen arrakalak “izugarrizko ondorioak” dakartzala euren egunerokotasunean salatu nahi izan dute. “Gutariko asko pobrezian bizitzera eramaten gaitu” egoera horrek, salatu dute.

“Gure arteko askok, bizitza osoan egindako lana, askotan ordaindutako lana izan da ere, kotizaziorik gabekoa eta ondorioz, eskubiderik gabekoa izan da”, gogoratu dute. “Neurri handi batean, guri esker, gizarteak aurrera egin du. Milaka emakume gara, onartu gabeko aberastasuna sortu dugunak, ordainik jaso gabe lan egin dugunak, kotizatu ezinik bizi izan garenak eta horren ondorioz, gure zahartzaroan, eskubide barik aurkitzen garenak”, aipatu dute.

Emakumeen aurkako indarkeriaren larritasuna ikusirik, suminduak agertu dira, baina beste bazterketa mota askotaz ohartarazi nahi izan dute, “agertzen ez dena eta milaka emakumek egunero jasan behar dutena, bere bakardadetik, bere prekarietatean , gizartearen onespenik gabe, ikusezinak bihurtzen gaituztelarik”.

Pentsio duinak
“Bidegabekeri sozial honen aurrean” Hego Euskal Herriko Emakume Pentsiodunek antolatzeko beharra ikusi dute “bidezko erantzuna eman ahal izateko, gizartearen eta Instituzioen aurrean gu geu bozeramaile izan gaitezen”.  ONEKA elkartearen helburua emakume pentsionistak elkartzea eta emakume guztientzako, Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz, pentsio duina lortzea. 

Babes eta Seguritate Sozialeko Sistema kudeatu eta bideratuko duen Organo bat sortzea defendatuko dute. Hor jasoko dira euren aldarrikapen nagusiekiko erantzunak. Bertan agertu beharko dira emakume pentsiodunen eskubide subjetiboa osatzen duen 1080€ko pentsio duina, gaur egun kaleetan defenditzen ari dena. Hori dena lortu artean, gizon eta emakumeen soldata eta pentsioen arteko arrakalekin amaitzeko neurriak hartzea exijitzen dute.

Bide batez, emakume nagusiek bizitza autonomoa izan dezaten eta indarkeri gabeko zahartzaroa bizitzeko aukera lor dezaten, neurri Sozial eta Politikoak aldarrikatu eta defendatuko dituzte.

Euskal Herriko pentsiodunen beste plataformekin elkar lanean aritzeko konpromezua hartzen dute, pertsona nagusien eta pentsiodunen mugimenduak indartzeko. Eta instituzioekin solaserako eta elkarlanerako esperantza ere agertu dira.

“Emakume nagusi eta pentsiodunen Erakunde berri hau abian jartzerakoan egiten dugun urratsarekin, Euskal Herriko Emakume Feministen Mugimenduarekin bat egin nahi dugu eta bide batez agurtu eta zoriondu, izan ere, urte hauetan zehar egin duten lana, izugarria izan bai da, bereziki aipagarria, joan den martxoaren 8an emandako urratsa”, esan dute bukatzeko.

Gehiago