‘Oneka’, emakume pentsionisten eskubideak defendatzeko plataforma, Nafarroan aurkeztu dute
Oneka euskal emakume pentsionisten plataforma Nafarroan ere lanean arituko da, pairatzen duten prekarietatea salatzeko eta euren eskubideak defendatzeko.
2019-ko otsailak 6
Emakume eta pentsionista. Profilari begiratuta, prekarietatea ageri da nagusi. Gizonek baino pentsio txikiagoak dituzte, arrakala handia da eta emakume asko pobrezian bizitzera kondenatuak daude. Izan ere, nahiz eta bizi osoan lan egin, kotizazio txikiak edo gabe aritu dira.
Euren egoera eta ezaugarriak plazaratu nahi dituzte. Gizonezkoekin ari dira borroka berean, baina, euren berezitasuna agerian utzi nahi dute. Onekak, euskal emakume pentsionisten plataformak Euskal Herrian izanen du lan esparrua.
Elkarrekin bidea egitearen alde azaldu dira. Bide horretan, Martxoaren 8an Mugimendu Feministak eginen duen grebarekin bat eginen dute, agerian gera dadin emakume askok egunerokoan egiten duten lana egin gabe geratzen bada zer hutsune geratzen den.
Gizarte orekatu, bidezko, etorkizuneko ikuspegia duena eraikitzeko sortu da Oneka, Euskal Emakume Pentsionisten Plataforma.