Omenaldi hunkigarria Mikel Zabalzari
Hiru hamarralditan, lehengo aldiz, Nafarroako Gobernua bertan izan da: Nafarroako lehendakari Uxue Barkos eta Gobernuko eledun eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo. Haiekin batera, EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu alderdi politikoen ordezkariak.
2015-ko azaroak 21
Zauriak 30 urte beteko ditu, eta oraindik itxi gabe jarraitzen du. 1985eko azaroaren 26ko gauean, Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate (Orbaizetako Ola, 1953) Donostiako bere etxean atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuen. Mikelen azken gaua izan zen. Izan ere, handik 20 egunetara hilik itzuli zuten.
Baina, zer gertatu zen Mikel Zabalzarekin? Bertsio ofizialak dio Mikel Bidasoa ibaian ito egin zela, Guardia Zibilen eskuetatik ihes egin zuenean (eskuburdinak eta bizkarrak eskuetan zituela); haatik, zantzuak eta testigantzak daude, Orbaizetako gaztea Intxaurrondon jasan zituen torturen ondorioz hil zela frogatzen dutenak. Ordutik hona hiru hamarraldi igaro diren arren, Orbaizetako gaztearen kasuak bizirik jarraitzen du euskal gizartearen oroitzapenean. Urte hauetan guztietan zehar egia jakiteko egin diren saiakera guztiek huts egin dute; alabaina, senitartekoek eta lagunek gau hartan gertatu zena benetan argitu arte jarraituko dute lanean. Hori dela eta, urtero legez, gaur, azaroak 21, omenaldia egin zaio Garraldan (Aezkoa) Orbaizetako semeari, Egia, Justizia eta Erreparazioa aldarrikatzeko xedez.
Aurtengo urteurrena berezia izan da. Mikelen heriotzak 30 urte beteko ditu, eta, hori dela eta, batetik, Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak hitzordu berezia antolatu du Garraldako kiroldegian. Omenaldian, besteak beste, orbaizetarraren lagunek eta senitartekoek hartu dute parte. Bestetik, urteurrenaren harira, ‘Galdutako objektuak’ dokumentala errodatzen ari dira, 1985eko azaroaren 26ko gauean gertatutakoa sakonki aztertzeko helburuarekin.
Ildo berean, egun sinbolikoa izan da gaur goizekoa. Izan ere, 30 urtetan lehengo aldiz Nafarroako Gobernua egon da omenaldian. Hala, Nafarroako lehendakari Uxue Barkos eta Nafarroako Gobernuko eledun eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo gerturatu dira Garraldako hitzordura. Gobernuko kideekin batera, Geroa Bai, Euskal Herria Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerra-Izquierda alderdietako ordezkariak eta parlamentariak egon dira omenaldian.