Olio goxo goxoa, Nafarroako Erriberatik Euskal Herriko txoko guztietara

Errigora herri ekimenak Eskutik Eskura dinamika martxan jarri du berriz ere Erriberako olio ekoizleak eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako kontsumitzaileak harremanetan jartzeko. Martxoaren 2ra arte eskaria egiteko aukera izanen da.

2016-ko otsailak 18

Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren lehen atala aurkeztu du gaur Errigorak. Otsailaren 19tik martxoaren 2ra, urte guztirako oliba olioa eskatzeko aukera zabaldu dute, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Eskutik eskura “kontsumitzaile arduratsuak herriz herri saretzeko” saiakera bat dela azpimarratu du Errigorak. Auzolana bitartekari, talde handietan antolatuta, eskaera handiak bideratzeko modu bat. Orain arte, 50 bat herritan 3.000 etxe inguru saretu dira eta, iazkoan, 9.100 bidoi banatu zituzten, 45.500 litro olio osotara.

Kalitatezko produktua da Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra, eta bertako ekoizpenari bultzadatxoa emango zaio ekimen honen bidez. Gainer, ingurumena zaintzen laguntzen duen ekimena da Eskutik Eskura, eta euskal lurraldeen arteko harremanak sustatzen dituena.
“Euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara oraindik gehiago erakarriz”.

Aurtengoan, ia 70 herri eta hiritan izanen da olioa eskatzeko aukera, eta horretarako Errigorak kontsumo taldeak, elkarte gastronomikoak, ekoizleen elkarteak edo ikastolen mugimendua, helduen euskalduntze alfabetatzearena eta abarrak batu ditu. Olioa lau errotak jarriko dute aurtengoan. Cascanteko La casa del aceitek, Ablitasgo kooperatibak, San Isidro del Pinarreko Bardeak eta Arroitzeko Ekolok.

Lehen esan bezala, otsailaren 19tik martxoaren 2ra, Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra eskatzeko tartea izango da, 5 litroko bidoietan, ekoizle zein kontsumitzaileentzat bidezkoa den prezioan. Bidoi ekologikoa 32 euroan eta konbentzionala, 22 eta erdian: errotan bertan duen prezio bera. Eskaerak kanpaina garatuko den herri eta hirietan egin ahal izango dira banatuko diren
esku orriak betez, ala Errigoraren web gunearen bitartez.

Gehiago