Olaztiko erraustegia gelditzeko asmoarekin Sakana Bizirik plataforma eratu dute

Sakana Bizirik plataforma aurkeztu dute eta Cementos Portland enpresak berriz ere martxan jarri duen Erraustegiaren proiektua gelditzea eskatu du. Honetaz gain lurraren defentsan eta gure bailara pairatzen dituen proiektu txikitzaileen aurka jardungo duela iragarri du.

2025-ko urriak 17

Sakana Bizirik Plataforma eratu dute Olaztiako Cementos Portland zementu-fabrikak hondakinak erretzeko abian jarri duen proiektua geldiarazteko.

Proiektu honek arrisku larriak ekar ditzake ingurumenarentzat eta osasunarentzat, eta, nahiz eta duela urte batzuk herritarrak eta udalerriek bertan behera uztea lortu zuten, orain berriro itzuli da. Izan ere, Carlos Slim enpresariak jabetza duen Portland fabrikak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu du hondakinak erretzeko proiektua aurrera eramateko.

Gogoratu dutenez, aurreko proiektua gelditzeko borrokak bailarako ahots aunitz bildu zituen. “Gaitzespen orokor honek borroka paregabea piztu zuen bailarako historian, milaka pertsona kalera atera ziren manifestazioetan eta ekintza ugaritan, eta azkenean enpresak bere asmo makabroa bertan behera utzi behar izan zuen”. Plataformako kideen esanetan Portlanden jabe berriei “ez zaizkie axola gure bizitzak, gure osasuna, ezta Sakanaren etorkizuna ere. Irabaziak handitzea besterik ez dute bilatzen, gure herriak hondakin industrialen zabortegi bihurtuta ere”.

Sakana Bizirik Plataformak salatu du Nafarroako Gobernuak enpresa-interesak defendatzen dituela, eta eskatu du baimen horiek berehala baliogabetzea. Plataformak jasangarritasunaren aldeko politikak eskatu ditu, hondakinen ekoizpena murrizteko eta ingurumenaren defentsan urratsak emateko.

Plataformak, azkenik, gonbidatu du herritarrak eta kolektiboak bat egitera, “bizitza, lurraren eta etorkizunaren alde borrokatuz”.

Gehiago