“Okupazioaren aurkako ofentsiba” salatzeko manifestazioa deitu du Erraki-k
Urtarrilaren 10an eguerdiko 12etan Autobus Geltokitik abiatuko da manifestazioa.
2021-ko urtarrilak 4
Azken asteetan okupazioaren kontrako ofentsiba integralaren hainbat ezaugarri seinalatu ditugu: masa-komunikabideen bitartez okupazioaren inguruan eraiki den irudi distortsionatua, okupazioaren kriminalizazioa; Desokupa bezalako talde parapolizial faxistek okupazioaren aurka zuzenean eta indarrez ematen dituzten interbentzioen gorakada; eta PP, Ciudadanos eta VOX alderdien lege proposamenen baitan sintetizatzen den okupazioaren aurkako lege-markoa gogortzeko joera orokorra,
Alderdi burgesek, lege-proposamenen bitartez, okupazioaren aurka atentatzen dute: alde batetik, okupazioaren praktika modu oraindik eta bortitzagoan zigortu nahi dute, kartzela zigorrak gogortuz eta isunak handituz. Bestetik, desalojoak emateko prozedimenduak azkartu nahi dira, berehalako desalojoak gauzatu ahal izateko. Azkenik, poliziari okupatutako etxeetara noiznahi, agindurik gabe, sartzeko eskumena eman nahi zaio, etxebizitzaren bortxaezintasunaren printzipio juridikoa baliogabetuz.
Ofentsiba honek atzera bueltarik ez duen prozesu bati erantzuten dio: Proletalgoaren bizi baldintzen okertzeari eta autonomia politikoaren murrizteari. Kalera ateratzeko nahikoa arrazoi ditugu eta horrela egingo dugu. Urtarrilaren 10ean 12:00etan Donostian eta Iruñean manifestazioak egingo ditugu eta dei egiten dugu ezarri nahi dizkiguten neurri klasisten aurka eta gure eskubide unibertsalen alde mobilizatzera. Antolakuntzaz soilik egingo diogu aurre ofentsiba kapitalistari.
Okupazioaren kontrako ofentsibari autodefentsa!