Oibarren D eredua ezartzeko eskaera egin dute 8 familiek, eta Behatokiak aitzakiak ez jartzeko eskatu dio Hezkuntzari

2024-ko irailak 11

Oibarko zenbait bizilagunek erabaki dute euskarazko irakaskuntzaren aldeko apustua egitea, beste behin: oraingo honetan, zortzi familia batu dira, euskarazko haur eskola bat eskatzeko ez ezik, Gabriel Valentin Casamayor ikastetxe publikoan D ereduko lerro bat zabaldu dezatela ere galdegiteko. 

Iturria: Euskalerria Irratia

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak jakinarazi du ohar batean Oibarko zortzi familiak eskaera egin diotela Hezkuntza Departamentuari D ereduko lerroa zabaltzeko herriko ikastetxean. Gogorarazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak instalazio eta zerbitzu publikoak erabiltzeko eskubideak bateragarria izan beharko lukeela euskaraz ikastearekin, eta euskarazko irakaskuntza Nafarroako herri guztietara zabaltzeak lagunduko duela herri txikiak eta landa eremuak biziberritzen. “D ereduko lerro bat ireki ezean, euskarazko irakaskuntza nahi duten familiek Zangozan matrikulatu beharko dituzte seme-alabak. Denak ez daude prest horretarako. Ikusita eskaria badela eskaintza ere egon beharko litzateke”, esan du Gaubekak. 

Hezkuntza Departamentuari eskatu diote, gainera, ez dezala jarri aitzakiarik eta oztoporik Nafarroan euskarazko irakaskuntza zabaltzeko bidean. “Oibarko familiek eta Behatokiak erraztasunak galdegin dizkiote Hezkuntza Departamentuari, Oibarren euskarazko lerro publiko bat zabaltzeko”, azaldu du. Joan den Ekainean jada Oibarko hamar familiak eskaera bat aurkeztu zuten Hezkuntza Departamentuan, herrian euskarazko haur eskola bat zabaldu ahal izateko. Udalaren babesa zuten familiek, eta departamentuak jarritako baldintza administratibo guztiak bete zituzten. Matrikulazio epea hastear zenean, baina, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen ez ziela baimenik emanen haur eskola zabaltzeko. “Aitzakitzat erabili zuten espazio falta izanen zela haur eskola Garbiel Valentin Casamayor ikastetxean zabaltzea, gerora Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eskaintzeko tokirik ez zelako geldituko”, adierazi du Gaubekak. Hartara, oraingo eskaera horixe izan da hain zuzen, zabal dezatela D ereduko lerroa ikastetxean.  

Gehiago