“Odesa/Makila” operazioa dela eta komunikabide eta alderdi politikoen “arduragabekeria” salatu dute Arrosadian
Arrosadia Bizirik, Yoar, SOS Arrazakeria, Munduko Medikuak eta Gaz Kaló elkarteek operazio polizial honetan atxilotutako lagunen jatorria zabaldu izanak arrazakeria eta inmigranteen aurkako gorrotoa sustatzen du.
2017-ko urriak 21
Iruñean berriki gertatutako “Odesa/Makila” izendatutako operazio poliziala eta gero, komunikabide ezberdinetan argitaratu izan denaren harira, Arrosadiako hainbat eragile sozial eta kultural SOS Arrazakeria eta Gaz Kaló ijituen elkartearekin batera komunikabide eta operazio hau politikoki erabili izana arbuiatu dute. Operazio honetan 14 lagun atxilotu zituzten, haien jatorria azpimarratuz eta Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udalaren laguntzak jasotzen zituztela aipatuz.
Atxilotuen errugabetasun presuntzioa mantendu behar dela eta balizko delituak salatu ondoren, prozesu judizialaren inguruan komunikabideek helarazi izan duten informazio sesgatuan eta egin dituzten “epaiketa paraleloetan” ez erortzeko deia egin dute. Komunikabideei “deialdi bat egin nahi diegu, beren ardura etiko eta deontologikoa aintzat har dezaten, adierazpen, izen zein irudi estereotipatu, morboso eta sensazionalistak saihes ditzaten”.
Gogorarazi dute pertsonen jatorri edo egoera aipatzeak “ez duela informazio ekarpenik egiten, bai ordea, estigmatizazioa eta kriminalizazioa sortu” eta Arrosadian zein gainontzeko lekuetan azken garaietan “elkarbizitzaren alde egiten ari den lana, momentu batetik bestera, hankaz gora jar dezakete ikusi diren hainbat egunkarietako izenburuk”.
Bigarrenik, alderdi politikoei, gertaera hauek arma gisa erabil ez ditzaten eta erabilera partidista eman ez diezaiten eskatu diete, “arduragabea eta arriskutsua iruditzen baitzaigu, gizartean jada existitzen diren estereotipo eta aurreiritziak susta baititzazkete, gorrotoa elikatuz”.
“Ezinbestekoa da alderdi politikoek arrazakeria, bazterkeria, xenofobia, aporofobia eta beste intolerantzien aurrean rol arduratsu bat hartzea, eta pertsona guztiekiko duten konpromezu eta ardura etikoa” ekarri nahi dute gogora.
Inmigrazioaren ekarpen positiboa, ekonomian eta kulturan
Amnistia Internazionalak egindako ikerketa batean azaltzen den moduan, inmigrazioak estatuan sortzen duen inpaktu fiskalaren emaitza, positiboa da, hau da, pertsona migratuek zergetan eta Gizarte Segurantzan egiten dituzten ekarpenak, eta jasotzen dituzten zerbitzu publikoak, onura sozialak eta pentsioak alderatuz, 0,54%ko BPGa ateratzen da, 5.500 milioi bat euro. Beste hitz batzuekin esanda, pertsona migratuek, egiten duten ekarpena, jasotzen dutena baino handiagoa da, eta bertan jaiotakoek baino onura sozial gutxiago jasotzen dute.
Aniztasun kulturala ere goraipatu nahi duguizan dute, “gure gizarteko ezaugarri aipagarrienetako bat baita, eta aintzat hartua eta baloratua izan beharrekoa da, ez soilik aberastasun ekarpen handia egiten duelako, baita indartsuagoak egiten gaituelako ere”.
Ez dute izkuta nahi izan elkarbizitzak “haserrealdi eta gaztazkak” sortzen dituela, “bizitza ikusteko forma ezberdinak, bakoitzaren bizipen eta ibilbide sozial zein kultural ezberdinak jatorri dituztenak”, baina euren ustetan ikasteko eta elkar aitortzeko “aukera ezin hobea dira, elkartasun eta begirune sareak eraikitzekoa, gizarte justu eta parekideago baten oinarri izango direnak”.
Arrosadia, elkarbizitzaren aldeko lan etengabea
Arrosadian ekimen eta proiektu ezberdinak daude martxan, zeinetan eragile, pertsona profesional eta bolondres asko dauden inplikatuak, eta aniztasunari irekia egongo den auzo baten alde lanean jarraituko dutela adierazi dute. “Elkarbizitza demokratikorako proiektu amankomun bat eraikitzen jarraitu nahi dugu, eta eskubideak guztiengana iritstarazi nahi ditugun bezala, betebehar zibikoak ere guztiei eskagarriak izan daitezen nahi dugu”, esan dute.
Zentzu honetan, kulturen arteko elkarbizitza, bazterketaren aurka eta integrazioaren alde eta hiritargo guztiaren parte hartzearen aldeko lanarekin jarraituko dutela adierazi dute, eta horretarako herritar eta instituzioen inplikazioa bilatuko dute.