#Occupybixotza, Estitxu Eizagirrek idatzia (Argia.com)
2014-ko otsailak 20
Brigitte Vasallo-k idatzi du Diagonalen “OccupyLove: por una revolución de los afectos” artikulua. Hona bertako ideiak itzuli eta laburtuta Estitxu Eizagirrek Argia.com-en idatzitako artikulua.
Monogamia kontrol sozialerako erreminta zorrotza da: sexualitatea eta afektibitatea bahitzen ditu. Monogamiak oinarri du erabat naturalizatu dugun maitasunaren ideal erromantikoa. Txikitatik barneratzen gara maitasun erromantikoan ipuin bidez, filmetan, musikan, literaturan. Haueta amodioa eta desamorea da kontua, txanpon beraren bi aldeak. Betiko istorioa: gazteak aurkitzen du gaztea, maiteminak jo, hirugarren bat agertzen da desorekan, beti desorekan, eta dramoia dator. Barneratzen dugu dramoia dela bide bakarra, erantzun bakarra, maitasuna bizitzeko modu bakarra. Maitasun eredu hori erabat interesatua eta eraikia da ordea. Maitasun erromantikoa ez, “Disney maitasuna” da.
Zer da erromantikoa eta zer Disney?
Erromantikoa hitzak kandelatxoen pean egindako afariak dakarzkigu gogora, eta sutondoan zirrietan korapilatzea. Hori dena primeran dago, arazoa hurrengo pausoa da, hortik “Disney maitasun”era pasatzea: maitasun eternoa, bakarra eta batena bihurtzea. Ipuinetako eredu horrek, baina, ez gaitu maitasunarekiko immunizatzen. Bizitza errealean maitemintzen gara, elkar maite dugu eta jarraitzen dugu guk nahi izan gabe ere bestez maitemintzen: pasioaren zartada sentitzen dugu, desioena, jakin-minena, barrenak mugitzen dizkiguten pertsonekin topo egiten jarraitzen dugu. Eta orduan gara bahituak. Gure burua ukatzen dugu, sentitzea debekatzen, edo besteei ukatzen diegu.
Zer litzake maitatzea sistema bahitzaile honetatik at?
Zer da maitasuna? Galdera honekin hasten ditut #OccupyLove tailerrak eta jasotzen ditudan erantzunak beti dira antzekoak: maitasuna da zoriontasuna, osotasuna, eskuzabaltasuna, konplizitatea, sexu ona, xamurtasuna, elkar ulertzea eta zaintzea. Maitasuna hori dena bada, sistema monogamoa lehertzetik pauso bakarrera gaude. Zeren horko ezerk ez dakar ezinbestean monogamia. Gaitasun horietatik bakar batek ere ez du beregan esklusibitatea, errabia, mina, sospetxa, segurtasun eza, kontrola edo jabetza. Maitasuna osotasuna da… mina eta gainerako dena dator osotasun hori galtzeko beldurraren aurrean. Mehatxuaren aurrean.
Pentsamendu monogamoko sisteman, maitasun batek bestea ukatzen du. Gainera, afektuak hierarkizatzen dira, eta estatus nagusia maitasun bakarra eta bere ondorengo “natural”ak (bikotea, familia) dute, beste afektuen gainetik, esaterako, laguntasuna. Piramidearen gailurreko erpinean leku bakarra dago. Hierarkia deseraiki eta eskema horizontala proposatzen badugu, afektuak hierarkizatu gabe eta maitasun batek bestea ordezkatu gabe, mehatxua desagertzen da.
Sareak monopolioen ordez
Maitasunak pentsatu ditzakegu afektu sareen eskema batetik, zuhaitzak (genealogikoak?) imajinatu ordez patata soro infinituak irudikatuz. Horrek gure bizi planteamenduak errotik aldatzen ditu. Maitasunak inklusibo ikusteak mundua inklusibo ikustera garamatza. Diferentzia inklusiotik. Elkarbizitzatik. Gehitzetik eta ez kentzetik. Kooperaziotik.
Horrelako eskema batean, ez dago hierarkiarik: nukleo afektiboak anitzak dira eta aldakorrak intentsitatean, maiztasunean, potentzian… baina denak daude elkarlotuta, denek elikatzen dute elkar. Sareetan, maitasunak ez dira ez baztertzen ez ordezkatzen, eraldatu baizik, lekuz aldatzen dira edo formaz eraldatzen, bizitza bera bezala, baina osotasunaren zati izaten jarraitzen dute, garenaren zati. Pertsonak, gure maiteen maiteak, errealak edo potentzialak, ez dira mehatxu. Nola izango dira mehatxu ez bagaituzte ordezkatuko?
Maitasuna, zentzu honetan ulertuta, pausoz pauso eraikitzen da. Maitasuna ez da erdibitzen zaituen tximista, Cupidoren gezia. Hori erakarpena da. Erakarpen hori mila erako harreman bihur daiteke. Eta ez du “onena” izateko ardurarik ez premiarik. Akabo konpetentzia. Akabo gerra.
Gai bagara ikuspegi hau txertatzen gure alderik hauskorrenean, alegia afektuetan, bizitzako gainerako arloetara zabaltzeak ez luke hain zaila izan behar.