NUPen erizaintza euskaraz irakasteko eskatu dute

'NUPen erizaintza euskaraz' dinamika aurkeztu dute Ikasle Abertzaleak-ek, Behatokiak, LABek, ELAk, Steilasek eta Iruñeko euskalgintzak, eta osasungintzan hizkuntzan eskakizuna duten postuak egotea aldarrikatu.

2018-ko urtarrilak 31

Nafarroako osasun zerbitzuari eta osasun ikasketei pultsua hartu diote Ikasle Abertzaleak-ek, Behatokiak, LABek, ELAk, Steilasek eta Iruñeko euskalgintzak, eta euskaraz lan egiteko eta ikasteko eskubidea bermatuta ez dagoela ondorioztatu dute. Bi eskari egin dituzte; bat, hizkuntza eskakizuna duten lanpostuak ezartzea; eta bi, lan hori euskaraz eginen duten profesionalak prestatzea eta, horretarako, bai lanbide heziketan, bai unibertsitatean “osasungitzarekin zerikusia duten ikasketa guztiak” euskaraz eskaintzea. Horren barruan, erizaintzari eman diote arreta, eta NUPen erizaintza euskaraz izeneko dinamika aurkeztu dute, Nafarroako Gobernuari egoera “iraultzako urratsak” egin ditzan eskatzeko xedez.
Euskara, %0’5ean baino ez

Datuen bidez azaldu dute Osasunbidearen egoera. Euskarazko profil eskaera Osasunbideko postuen %0’5ean baino ez dago, areago, Nafarroako Ospitale Gunean ez dago euskarazko profila duen lanpostu bakar bat ere. Ez hori bakarrik: Nafarroako Gobernuak egindako Lan Eskaintza Publikoan alemaniera eta ingelesa jakiteari 2 puntu eman dizkiote eta euskarari, berriz, 0 puntu, eremu ez euskaldunean; 1’17 puntu, zonalde mistoan; eta 2,34 puntu, “eremu euskaldunean”.

Bi testigantza, egoeraren isla

Erizaintza euskaraz ikasi ezin izan duten bi ikasleren testigantzak aurkeztu dituzte. Batetik, Markel Flores Reparaz erizaintza ikaslearena; euskaraz egin zituen hark ikasketa guztiak, Nafarroako unibertsitate Publikora iritsi arte. Orain, gaztelaniaz ari da. Eta, bestetik, Lorea Martinezen kasua: euskaraz egin zituen unibertsitate aurreko ikasketak, eta Euskal Herriko Unibertsitatera joan behar izan zuen euskaraz segitzeko, Nafarroan ez dagoelako aukerarik.

“Benetan deigarria da afera hau. Izan ere, gaurko ikasleak biharko profesionalak gara. Eta Unibertsitate Publikoan euskaraz formatzen ez gaituztelarik, ondotik osasun publikoan zerbitzua euskaraz bermatzea zailtzen da. Ondorioz, herritarren hizkuntza eskubideak urratzen eta osasun zerbitzuaren kalitatea eskasten. Larriagoa da afera, aintzat hartzen badugu NUPen erizaintza graduan matrikulatuak gauden ikasleen erdiak baino gehiago euskaldunak garela. Eta oraindik eta ulergaitzagoa, gaur gaurkoz gradu osoan soilik bi ikasgai euskaraz ikasteko aukera izatea”, adierazi du Floresek.

“Erizaintza euskaraz egin nahi izan dut eta Nafarroan horretarako aukerarik ez dagoenez, Ibaetara joan behar izan dut karrera egitera. Aukeran, Iruñean bertan nahiago nuen. Izan ere, nafarra naiz, Unibertsitatea Publikoa dugu hemen eta, gainera, erizaintza gradua ematen da. Baina astero Donostiara joan behar dut, diru publikoa jasotzen duen Unibertsitateak ikasketak euskaraz eskaintzen ez dituelako. Honek gurasoei urtero diru ahalegin handia egitea eskatzen die. Ez da justua, haien zergak hemen ordaintzen baitituzte, baina alabak ezin du bertako Unibertsitate Publikoa baliatu, kanpoan ikasi beharra du. Ez al da zentzugabea?”. Galdera airean utzi du Martinezek.

Gehiago