Netflix euskaraz ekimenak milaka sinadura bildu ditu euskararen presentzia handitzeko eskariarekin

NETFLIX EUSKARAZ ekimena euskaltzale talde batek osatu du, euskarak ikus-entzunezkoetan eta streaming bidezko plataformetan, bereziki, euskarak duen presentzia ezaz arduraturik dagoena.

2021-ko otsailak 23

Haien asmo nagusia, streaming bidezko ikus-entzunekoetan euskararen presentziarik eza eta horrek dakarren eskubide urraketa eztabaidaren erdigunera ekartzea dela aitortzen dute. Euskal Herriko erakundeei eta alderdi politikoei eskatzen diete jar dezatela, ahalik eta azkarren, euren agenda politikoetan gai hau.

“Konkretuki, Netflix konpainiari edukiak euskaraz emititu ditzala eskatzeko sinadura bilketa bat abian jarri dugu. Gaurko egunean, 5.500etik gora atxikimendu jaso ditugu. Ekimena Netflix konpainiari zuzenduta egon arren, streaming bidezko telebista konpainia guztiak hartu nahi ditugu aintzat, eta hemengo errealitate soziolinguistikoa errespetatu behar dutela exijitzen dugu”, kontatu diote Ahotsa.infori.

“Ez gara ordainketa bidezko konpainia hauen kontsumoa promozionatzen ari, inolaz ere”, ohartarazten dute sare sozialetan ikusitako eztabaidari erreferentzia eginez, “baizik eta esparru horietan ere euskarak beste hizkuntzen parez-pare egon beharko lukeela aldarrikatzen ari gara”.  Gaurko egunean, plataforma horietako euskararen presentzia “hutsaren hurrena” dela salatzen dute.

Kataluniako ikus-entzunezko Kontseiluak Espainiako ikus-entzunezko lege aurreproiektuari hainbat alegazio aurkezteko asmoa duela adierazi du, eta NETFLIX EUSKARAZ ekimenak bat egiten du Kataluniako ikus-entzunezko kontseiluaren arrazonamenduekin eta aurkeztera doazen alegazioekin.

“Aipatu lege horrek estatu espainiarreko hizkuntza aniztasuna defendatzeko balio beharko du, balekoa izango bada. Eta irabazi ikaragarriak dituzten plataforma horiek tokian tokiko komunitateekin betebeharrak ere izan behar dituzte; horrek esan nahi du euren irabazi erraldoien zati nabarmen bat bertako ikus-entzunezko obretan inbertitzera legez behartu egin behar ditugula, euskarazkoetan ere bai, jakina”, azaldu dute.

Gainera, Euskal Herriko erakundeetatik bikoizketan egiten dituzten ahaleginek isla izan behar dute gero plataformetako katalogoetan, euren ustez. “Plataformek ez dute dirurik jarri behar bikoiztutako audioa jartzeko, baina hori ere ez dute egiten. Gure hizkuntzetan emititu beharreko edukietan kuotak ezarri behar zaizkie plataformei, gaztelaniazko kuotak ezarrita dauden gisan”.

Sinadura bilketa Change.org plataformaren bidez egiten ari dira.

Gehiago