Nere zalantzak

2014-ko apirilak 7

Orain dela hilabete batzuk beharrezkotzat daukadan komunikabide honetan nire iritzia kaleratzeko gonbitea jazo nuen. Nere lehenengo erantzuna baiezkoa izan zen, nola bestela. Baina egunak pasatu ahala zalantzak agertu ziren. Nere buruan bat-batekoak diren hitz eta ekintzek ez dituzte kontraesan handirik sortarazten (autojuztifikazio prozesua oso garatua daukat nire buruan) baina planifikazioa eta denbora behar dutenek bai ordea. Iritzi bat ematea gai libre baten aurrean nolabaiteko gogoeta behar du. Hiru dira gaur egun egin zidaten proposamenaren inguruan kezkatzen nauten ideiak, euskara, gaitasuna eta formatua.

Nere iritziak euskaraz idazteko eskatu zidaten, gure hizkuntzaren presentzia komunikabideetan urria da eta hau sustatzea beharrezkoa delako. Baina hemen, nire lehengo arazoa sortzen zait. Ez dut uste nire euskara maila nahikoa denik nire ideiak argi plazaratzeko eta gramatikarekin zailtasunak ditudala argi daukat. Nahiz eta orain dela urte batzuk euskaraz bizitzea erabaki, oraindik bide luzea daukat hizkuntza menperatzeko. Askotan gertatu izan zait euskal komunikabideak ikusten edo entzuten ari nintzela, aurkezlearen euskara nibela lotsaraztea eta haserretzea aldi berean. Onartezina iruditzen zait borondatearen aitzakiarekin hizkuntza zapalketa areagotzea. Ze herrialdek onartuko luke bere lehendakari edota albistegietako aurkezlea herriko hizkuntza ez menperatzea. Imajinatu Hollande edota Merkel Patxi Lopezen euskarazko diskurtso bat bezalakoa ematen. Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetuak izan behar direla uste dut.

Bigarren zalantza eduki interesgarriak plazaratzeko gaitasuna du ardatz. Ez daukat zalantzarik denok daukagula zer esan baina uste dut batzuen ideiak interesgarriagoak direla besteenak baino. Gaur egun edozeinek argitaratu dezake bere iritzia mundu digitalaren laguntzaz baina ere uste dut iritzi asko irakurlearentzat denbora galtze itzela direla. Denok ez ditugu idazle, filosofo edota poeten gaitasuna gauzak azaltzeko eta horrek kezka sortzen dit ea nire iritzia merezi duen komunikabide batean plazaratzea.

Azkeneko arazoa iritziak botatzeko formatuan datza. Gaur egun hain modan dagoen aldebakartasunean oinarrituriko formatua erabiltzen jarraitzen dugu eta niri elkarrizketa gehiago gustatzen zait. Hemen nago ordenagailuaren aurrean nire iritzia ematen inongo kontraesanik gabe eta aurrera egiteko, beharrezkoa ikusten dut norbaitek esaten dudanari kritika egitea. Nire proposamen/gonbite hau da, norbaitekin eztabaidatzea gutun hauen bidez. Testu honetan badaude eztabai-garriak diren zenbait asunto eta hortik hazi gintezke. Espero dut hurrengo gutuna eztabaidatze prozesu luze eta mamitsu baten jarraitzea izatea, martxan jarri duzuen proiektu hau indartuko duena. Ongi izan!

 

Gehiago