“Nazioa gara” lelopean ospatuko du igandean Aberri Eguna EH Bilduk Iruñean

EH Bilduk antolatuta, Iruñean ospatu eta aldarrikatuko da Aberri Eguna martxoaren 31an. Egun osoko egitaraua prestatu dute jaia eta aldarrikapena uztartzeko.

2024-ko martxoak 27

“Ezkerreko independentistok argi daukagu gurea herria dela, nazio bat garela eta gure etorkizuna erabaki nahi dugula. Anbizioa eta determinazio kolektiboa ditugu hori horrela dela frogatzeko, eta ziur gaude lehenago edo geroago Estatu izango garela” esan zuen duela aste batzuk egindako prentsaurrekoan Pernando Barrenak. Horren harira, azpimarratu zuen, Atarrabiako frontoian dagoen Euskal Herriko armarria kentzera behartu duela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Udala. Historikoki, Euskal Herriak egoera zailak gainditu dituela adierazi zuen Barrenak, “baina, herri gisa, gure herria, kultura eta hizkuntza bizirik mantentzeko gai izan gara. Eta etorkizunean ere gai izango gara” gehitu zuen. Horregatik, aurrean diren mehatxu eta oztopoen aurrean burujabetzaren eta demokraziaren bidean aurrera egiteko beharra dagoela aldarrikatu zuen Barrenak eta horretarako beharrezkoa dela nazio kontzientzia bizirik mantentzea. 

“Azken hilabeteetan gure hizkuntzaren eta gure kulturaren eraso gehiago ezagutu ditugu. Sektore ezberdinetatik iritsi dira, gainera. Espainiako epaitegietatik euskararen eta bere erabileraren aurkako erasoak heldu dira eta bai Espainiako eta bai Frantziako Estatuek gure izaera bera ukatzen duten hainbat ekinbide egin dituzte. Horregatik da beharrezkoa gaur bertatik hasita Euskal Herria eta gure herriaren etorkizuna eraikitzeko lanean jartzea. Gu guztion ardura da, eta horretarako lanean jarri behar gara” gehitu zuen bukatzeko.

Aberri Eguneko egitarauaren inguruan, nabarmendu daiteke goizeko 12.00etan abiatuko den manifestazioa, Golemetatik Antoniuttira. Ordu bata eta laurdenetatik aurrera, Basotxotik Alde Zaharrera trikitilariek, elektrotxarangak, gaiteroek, buruhandiek, txarangak, kantuz, etab girotuko dituzte kaleak. Burgoen Plazan, umeen gunea izango da 16:00etatik aurrera, bertan, Ekain pailazoa eta jolasak izango dira. Eta bukatzeko, kontzertuak egingo dira Gazteluko plazan, Perlata, Xiberoots eta Trikidantz taldeen eskutik.

Bukatzeko, Aberri Egunean parte hartzeko deia zabaldu zuen Ohaina Etxebarrietak: “Abertzale, independentista, subiranista sentitzen garenok, martxoaren 31an. Euskal Herria Iruñera begira jarriko dugu, nazioa garela erakusteko. Aberri Eguna energia guztia biltzeko eta askatzeko unea izango da, pertsona berdinen eta askeen euskal errepublika eraikitzeko”.

Gehiago