Navarplumako langileek greba irabazi eta beren lehen enpresa-hitzarmena lortu dute
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Navarplumako langileek akordio bat lortu dute enpresarekin. Otsailaren 1an hasitako greba mugagabea bertan behera utziko dute euren helburuak lortu ondoren.
2019-ko martxoak 12
Gaur, 2019ko martxoaren 12, akordioa lortu dute Navarpluman, 41 eguneko greba egin eta gero. Akordio hori enpresa-hitzarmen batean jasoko da, eta ELA sindikatuak adierazi duenez, azken lan-erreformen alderdirik atzerakoienak kendu egin dira. Eta haien ordez ultraaktibitate mugagabea eta borondatezko arbitrajea sartu dira, eta Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluaren malgutasunaren aplikagarritasuna eragotzi.
Gainera, 24 orduko lanaldi-murrizketa izanen da, eta hitzarmena sinatzen denetik aitzin ez da lanik eginen igandeetan.
Enpresak urteko lan-egutegia eta laneko txandak egin beharko du.
Navarpluma enpresako gatazka 41 egun luzatu da. Aratzuri-Orkoiengo industrialdean kokatzen den enpresa hau ahate-luma eraldatzen ditu eta Martikoren partaidetza du. 38 langile ditu plantillak, eta ELAren iritziz, lan-baldintzak oso prekarioak ziren, nahiz eta enpresak etekinak sortzen dituen eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak jasotzen ditu.
“Tamalez Navarplumako lan-baldintza prekario horiek ez dira salbuespenezkoak Nafarroako industrian. Horregatik, Navarplumako langileek egindako borroka eredugarria izan da; izan ere, langile-kidego batek, antolamendu bidez eta helburu amankomun baten lelopean, bere lan-baldintzak duintzea lortu du. Baina, 41 greba-egunen ondotik garaipen hori izateko, erabakigarria izan da ELA sindikatuaren Erresistentzia Kutxa”, adierazi du sindikatuak.
ELAk Navarplumako langileak zoriondu nahi izan ditu “erakutsitako kemena eta ausardiagatik”. “Lehendabiziko enpresa-hitzarmena lorpen handi bat izan da, baina gerora begira oso garrantzitsua izanen da plantillaren batasunari eustea, lan-baldintzak hobetzeko bidetik jarraiki ahal izateko”, esan du sindikatuak.