Narbarten izandako eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea eginen dute gaur

2024-ko abuztuak 26

Iturria: Erran.eus

Abuztuaren 21eko gertakaria salatu dute Narbarteko kontzejuak eta Malerrekako eta Bertizaranako mugimendu feministak. Elkarretaratzea 19.00etan eginen dute mugimendu feministak deituta

Abuztuaren 21ean Narbarten izandako eraso matxistaren harira bere gaitzespen osoa agertu dute Narbarteko kontzejuak eta Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feministak eta jendarte orori dei egin diote salaketa publiko hau ahalik eta gehien zabaltzeko. Horren harira, Narbarteko bestetan egunero egin dira elkarretaratzeak eta gaur, abuztuaren 26an, 19:00etan elkarretaratzera deitu du Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feministak, Eraso matxistarik ez! Autodefentsa feminista! izenburupean.

Narbarteko kontzejuak gaitzespen irmo eta sendoa

Narbarteko kontzejuak emakume gazte batek abuztuaren 21ean Narbarten jasandako sexu erasoaren aurrean bere «gaitzespen sendo eta irmoa» adierazi du eta «biktimarekiko hurbiltasuna eta elkartasuna» adierazi nahi izan du, «baita haren senide eta hurbilekoekin ere». Kontzejuak berdintasunaren aldarrikapena eta, beraz, «emakumeen eta gizonen berdintasunaren errespetua azpimarratu nahi ditu, baita pertsonaren duintasuna, sexu askatasuna eta osotasun fisikoa ere, guztiak ere eskubide bortxaezinak». Eskubide horien aurkako jokabideek «ez dute lekurik gure gizartean» eta Narbarteko kontzejuak gaitzetsi egiten ditu.

Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feministak «babes eta elkartasun osoa erasoa jasan duenari»

Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feministak ere, komunikatu baten bitartez, bere «babes eta elkartasun osoa» adierazi nahi izan dio erasoa jasan duenari eta argi utzi nahi du «Bertizaranan eta Malerrekan badagoela mugimendu indartsu bat eraso matxisten aurka gogor borrokatzen saiatzen ari dena». Mugimendu feministaren oharrak dioenez, «ez da deus berria emakumeok jasaten dugun biolentzia guztia, eta hau, Narbarteko bestatan gertatutako azken erasoak argi utzi digu. Jakin badakigu gure eskualdeko besta eredua ez dela batere segurua emakumeontzat, erasoak badaude, baina salaketetara gutti ailegatzen dira»,

Eraso hau ezin dela modu isolatuan ulertu uste du mugimendu feministak, «erasoak, begietara ikusezina den sistema oso baten adierazpen bortitzenak dira. Sistema kapitalista eta zisheteropatriarkala da horrelako erasoak ahalbidetzen dituena, emakumeak azpiratuak izan gaitezen beldurra sorrarazten jarraitu nahi duena». Malerrekako eta Bertizaranako mugimendu feministaren arabera, «guztion ardura eta betebeharra da bertze gizarte eredu bat eraikitzea, jarrera eta eraso matxistak gaitzetsi eta erantzutea. Inolako salbuespenik gabe. Denok dugu ardura eta denok dugu zeregina, erasotzailea existitzen bada, hau babesten duten konplizeak direlako pasatzen da». Horregatik gaurko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.

Gehiago