“Nafarroan aldaketa euskaratik eman dadin”, manifestaziora deitu du Kontseiluak

'Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu' lelopean egingo dute, ekainaren 4an, Iruñean.

2016-ko apirilak 15

Hizkuntza politika eragingarri batek emango dio bide euskarari”. Halaxe adierazi du Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak, gaur goizean Iruñean egindako agerraldian. Horretarako, planteamendu oso bat aurkeztu zuen Kontseiluak joan den ostiralean, eta gaur eman du lehenengo hitzorduaren berri: ekainaren 4an, 17:30ean, manifestazioa egingo dute Iruñean.

Lau zutabeko eraikina irudikatu du Bilbaok, euskalgintzako hainbat ordezkarirekin batera: herri gogoa, corpus juridiko egokia, plangintza eragingarriak eta baliabide egokiak. “Daukagun herri gogo indartsua baliatuko dugu berriz ere, gainerako hiru zutabe horietan eragiteko”. Era berean, euskararen normalizazioan “neurri ausartagoak” galdegin dizkio Nafarroako Gobernuari.

Mobilizaziorako hainbat arrazoi aipatu ditu idazkari nagusiak. Corpus juridikoari helduz, Euskararen Legea Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan desadostasunetan egoteak kezka sortu ziela jakinarazi du. “Baina bestelako neurriak ere har zitezkeela uste dugu. Esaterako, euskararen desagertzea eragiten zuen 29/2003 dekretua bertan behera utzi beharko litzateke”.

Bestalde, Nafarroako administrazioa euskalduntzeko plangintza abian jartzea “ezinbestekotzat” jo du Bilbaok, eta, baliabideei dagokienez, aurrekontuak euskararen beharretatik “urrun” daudela ziurtatu. “Aldaketa horiek eraginez eman behar zaio bide euskarari, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko eta bizikidetzan inbertitzeko”. Neurri positiboak eskatu ditu.

Azkenik, egunero euskararen alde egiten den jarduna goraipatu du: “Herri gogo hori ez da itzali. Berdin zaigu nor dagoen gobernuan, guk gure lana egiten jarraitzen dugu”. Horren guztiaren erakusleiho bihurtu nahi dute manifestazioa. “Baina guk bakarrik ez, hemen denok eman behar diogu bide euskarari, euskaraz bizi nahi dugulako”.

Gehiago