Nafarroan 3.000 aldiz aplikatu dute Mozal Legea Foruzaingoak eta udaltzainek
Eleak-Libre Mugimenduak eta euskararen ofizialtasunaren aldeko ekimen batean isunduak izan ziren EHEko kideek herritarren eskubideak urratzen dituen Mozal Legea salatu eta honen aurrean martxan jarri dituzten hainbat ekimenen berri eman dute gaur Iruñean. Nafarroan lege honen aplikazioaren datuak ere aurkeztu dituzte.
2017-ko maiatzak 13
“Euskal Herrian, hamarkadak daramatzagu eskubide zibil eta politikoen urraketa egiturazkoa bizitzen. “Demokrazian”, frankismotik eratorritako salbuespen arkitekturaren zutabe oso garrantzitsuek zutik iraun zuten. 90.hamarkadaren hondarrean eta bereziki 2001etik aurrera, eraikina zaharberritu eta zutabe berriak eraiki ziren, hala nola alderdien legea, mugimendu herritarren legez kanporatzea eta komunikabideen itxierak, mobilizazioen debekuen eta iritzi delituen biderkatzea eta abar”, gogoratu dute.
ETAren jaduera armatua euskal eszenatokitik desagertu zela 5 urte igaro direnean, salbuespen neurriak mantentzen direla salatu dute. Eta Mozal Legearen ondorioz, Nafarroan zehazki 3052 aldiz aplikatu dela esan dute. Datu hauek, Nafarroako Foruzaingo eta Udaltzainenak dira. Horrela, datuak aztertzen badira, Segurtasun indarrei “irain egitea edo errespetu faltaz” zuzentzea, poliziari desobedientzia, identifikazioari uko egitea edota desordenak dira errepikatzen diren arau-hausteak.
Honen aurrean, jendea beldurra galdu eta neurri hauen aurka borrokatzera animatu nahi dute. Eta horretarako bi ekimen aurkeztu dituzte. Batetik, bide instituzionalera jo dute. Nafarroako zein EAEko legebiltzarretan, hitz-hartzeak eskatu dituzte eta parlamentuei Moza Legearen aurkako jarrera publikoa berrestea eskatuko diete, eta aurrerantzean, oinarrizko eskubideak urratzen dituen lege honen aplikazioa berriz ematekotan, salaketa publikoa egin eta zigortuari babesa adierazteko konpromisoa hartzea ere eskatuko diete. Instituzio publiko honetako ordezkaritza politikoaren gehiegoa lege honen aurka egonik, lege hauek ez aplikatzeko konpromisoa hartzea exijituko diete.
Bestetik, protokolo bat prestatu dute Mozal legea aplikatzen denerako, eta asesoramendu zerbitzua eskainiko diote mozalikez@riseup.net helbidera idazten diotenari.