Nafarroako zonifikazioa bertan behera utz dezaten eskatu du Europako Kontseiluak

2024-ko irailak 25

Euskara babesteko eta lurralde osoan zabaltzeko oztopotzat jo ditu Euskararen Foru Legearen eremuak, atzo plazaraturiko txosten batean.

Iturria: Euskalerria Irratia

Europako Kontseiluak bost urtean behin txostena egiten du, Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertzeko. Txosten hori da atzo ezagutarazi zutena eta, inplizituki, Nafarroa Garaiko zonifikazioa bertan behera uzteko eskatzen duena.

Halaber, Hego Euskal Herri osoan epaiketak eta prozedura judizial guztiak euskaraz egin ahal izateko neurriak eskatu dizkio Europako Kontseiluak Espainiako Estatuari, aldeetako batek eskatuz gero.

Herritarrek Administrazioarekin harremana euskaraz edukitzeko duten eskubidean ere azpimarra egin du Europako Kontseiluak; izan ere, haren aburuz, “euskaraz lan egiteko gauza den plantillaren proportzioak baxuegia izaten segitzen du eta administrazioaren testu eta inprimaki asko gaztelaniaz soilik eskura daitezke”.

Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia «pozik» agertu dira Europatik egin diren ohartarazpenak eta gomendioak aurrekoetan baino «irmoagoak» izan direla ikusita.

Gehiago