Nafarroako Merezimenduen Dekretua Euskararen aurkako mespretxua dela dio Kontseiluak

Nafarroako 60 Nafarroako 60tik gora eragile sozialetako ordezkarik, osasungintzako langilek eta pertsona ezagunek agerraldia egin dute Iruñean Gobernu Foralak laster onartuko duen Merezimenduen Dekretua salatzeko.

2024-ko martxoak 22

Ia bost urteko gorabeheren ondotik, datozen asteetan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretua onartuko du, Merezimenduen Dekretua izenez ere ezaguna. Arau honek Nafarroako ehunka lanpostutan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izatea ere debekatuko du.

Dekretu honen eduki kaltegarrienak salatzeko, Nafarroako 60tik gora eragile sozialetako ordezkarik, osasungintzako langilek eta pertsona ezagunek agerraldia egin dute Iruñeko San Frantzisko Eskola Publikoan.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak onartu du kezka, eta gogoratu du duela 2 urte Iruñean egindako manifestazio jendetsua. “Izan ere, arestian aipaturiko hizkuntz berdintasunaren eta herritar guztien hizkuntz eskubideen bermearen ikuspegitik, Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ez ezik, egunero-egunero hizkuntza horretan bizi diren milaka nafar gutxiesten zituen garai hartan Gobernuak esku artean zuen dekretu zirriborroak. Euskara merezimendu izatetik kanpo uzten zuen legearen arabera “eremu misto” izendatutako lanpostu gehienetan eta “eremu ez-euskaldun” osoan. Aitzitik, ingelesa, frantsesa eta alemana meritutzat hartzen zituen modu orokortuan. Beraz, Nafarroako berezko hizkuntza eta milaka herritarren eguneroko hizkuntza den euskararen gainetik jartzen zituen; edo, beste era batera esanda, euskara eta euskaraz ardazten diren milaka herritar gutxiesten zituen”, salatu du.

Eskisabelen esanetan jendartearen multzo zabalaren borondate eta eskubideak “bazter utzita” euskara eta euskaraz ardazten diren nafarrak “mespretxatuko ditu dekretu honek ezagutzera eman diren azken zirriborroetan jasotzen den bezala onartzen bada”. Izan ere, euskara ez da meritutzat hartuko eremu misto izendatuko lanpostu zerrenda luzean, ingelesa, frantsesa eta alemana aintzat hartuko diren bitartean. “Bereziki larria da jokabide hori Osasunbidean, milaka herritarri osasun arta behar dutenean ukatuko baitzaizkie hizkuntza-eskubideak, zaurgarrien daudenean zaurgarritasuna biderkatuz”, nabarmendu du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Nafarroako Gobernuari dekretu hau alboratzeko eskatu dio Eskisabelek, eta bestelako bat onartzea “euskara eta euskal hiztunen komunitatea gutxietsiko ez duen dekretu bat, hizkuntza-berdintasunerako eta hizkuntza-eskubideen bermerako gutxieneko zorua jarriko duena”, hain zuzen ere.

Irune Tubia Osasunbideko medikuak eta Oier Sanjurjo Osasunako futbolari ohiak Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia lagundu dute eskaera hau egiterakoan. Tubiak gogoratu du Osasunbidean ematen den zerbitzuaren garrantzia, eta salatu du euskararen ezagutza Nafarroa osoan ez baloratzeak “hizkuntza-eskubideen aitortzari ez ezik, herritarren osasun eta segurtasunari” kalte egiten diela. “Beste edozein eskubiderekin onartuko ez genukeen bezalaxe, hizkuntza-eskubideak, eskubide diren heinean, ezin dira ehunekotan aitortu”, esan du medikuak.

Futbolariak nabarmendu nahi izan du dekretuak ingelesa, frantsesa eta alemana euskararen aurretik jartzen dituela, eta azken hau “Nafarroako berezko hizkuntza ez ezik, milaka nafarrek egunero” erabiltzen duten hizkuntza dela. “Finean, dekretu honek bizkarra ematen die egunerokoan euskaraz bizi diren milaka nafarrei, existituko ez balira bezala jokatzen du. Gizarte kohesioan aurrera egiteko traba da”, salatu du Sanjurjok.

Gehiago