Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean jarriko dituen industria lege baterako neurriak aldarrikatu ditu LABek

LAB sindikatuko Industria federazioko hamarnaka delegatuk batzarra egin dute gaur Iruñean

2024-ko ekainak 6

Aldarrikatu dute irailean Nafarroako Gobernuak aurkeztuko duen industria legearen zirriborroak jaso beharko lituzkeela langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean paratuko dituzten neurriak; besteak beste, 30 orduko lan astea ezartzea, lan formakuntza pribatua debekatzea, fiskalitate politika justuagoak aplikatzea edota deslokalizaio legean sakontzea.

Nafarroako industria legea izanen denaren ezaugarriak landu dituzten Industria Foroko lantaldeetan hartu du parte LABek azken urtean. Lantalde horietan askotariko proposamenak egin ditu sindikatuak, hainbat arlotan. Baina, tamalez, lantalde horietako ondorioak bere mesedetara bideratzeko estrategia izan du patronalak, eta horretan Gobernuaren babesa izan du. Horren adierazle argia da, lanketetako ondorioetan, nahiz eta Gobernuak LABen ekarpen batzuk hartu dituen, patronalarenak guzti-guztiak hartu izana, jakin badakitenean guztiz kontrajarriak direla eta ez daudela, prezeski, langile klasearen mesedetan pentsatuak.

Horregatik, LAB sindikatuari ezinbestekoa iruditu zaio Nafarroako Industriarentzako eta bertako lanpostuen duintzerako hainbat aldarrikapen egitea, eztabaida publikora eramateko, betiere norabide bat markatzeko neurri bezala ulertuta, hau da, gutxieneko neurri gisa ulertuta.

Aldarrikapenak hurrengoak dira:

  1. Ekidin ezina den Industriaren transitzio ekologikorako langileen trantsizio batzordeak osatzea, eraldaketa hau betikoen mesedetarako ez izateko
  1. Banaketa hirukoitzarako (zaintza, lana eta aberastasuna), 30 orduko lan astea
  1. Diskriminaziorik gabeko (generokoa, arrazakoa eta sindikala) kontratazio politikak.
  1. Formakuntza laboralaren pribatizazio enpresariala debekatu
  1. Industriaren inplementazioa modu orekatuan banatzea lurralde osoaren zehar
  1. Lan istripu eta gaixotasunak benetan ekiditeko bitartekoak ezartzea
  1. Transnazionalen boterea mugatzeko, deslokalizazio legean sakontzea
  1. Aberastasuna modu orekatuan banatzeko, fiskalitate politika justuak ezartzea
  1. Bertako beharrei erantzuteko, herrialde mailako hitzarmenen babestea eta bultzatzea

Aldarrikapen horiek ez dira modu bakartuan ulertu behar. Euskal Herriko industriak eta, oro har, sektore guztietako langile guztiek dituztenak dira. Erronka eta aldarrikapen amankomunak badira Euskal Herriaren luze zabalean, nahiz eta momentu honetan Nafarrokoa Industria legearen baitan aldarrikatu, langileentzat onuragarria den lege bat lortzeko aukera badagoelako da, baina aldi berean nahi ez dugunarekin aurkitzeko arriskua dugu.

Gehiago