Nafarroako ikastolak, euskarari bultzada
Testigantzen bilduma proiektuaren baitan, ikastolen historiarekin lotutako esperientziak bilduz 80 pertsona inguru elkarrizketatu zituzten joan den urtean. Orain, berriz, egindako lana «familiekin, langileekin eta gizartearekin partekatzea polita» dela iritzita, «zenbait testigantza biltzen dituen bideoa» sortu dute.
2019-ko irailak 26
Nafarroako Ikastolen Elkarteko Komunikazio Batzordearen aspaldiko asmoa izan da ikastolen historiarekin lotutako esperientziak biltzea, eta gisa honetara, ikastolako erkidegoak osatu eta osatzen dituzten Testigantzen bilduma proiektua lantzea. Nafarroako Ikastolen Elkartetik adierazi dutenez, «Nafarroako Ikastolen artxiborako eta guztien oroimenerako altxor moduan gordetzea da proiektu honen helbururik nagusiena».
Bide horretan, 2018ko abenduan, Nafarroako ikastoletan parte hartu duten 80 lagunen elkarrizketak grabatu zituzten. «Grabatu ziren lagun horien perfila, adina eta generoa anitzak izatea garrantzitsutzat» jo zutenez, sortzaileak, historikoak, familiak, irakasleak, langileak, ikasle ohiak eta gehiagoren testigantzak bildu zituzten.
Elkarrizketa horiek egin ondotik, «ikastolaren ibilbidean oinarri izan diren baloreak oraindik bizirik daudela» ondorioztatu zuten eta horiek «familiekin, langileekin zein gizartearekin partekatzea polita» dela ikusita, orain, zenbait testigantza bilduz bideoa sortu dute, «Interneten eta sare sozialetan zabaldu ahal izateko». Ikusi hemen bideoa.
Euskarabidearen dirulaguntzarekin egin dute lana; NIEko komunikazio batzordekoa den Koldo Aiestaranek egin ditu bideoaren zuzendaritza lanak eta Rakel Sueskunek produkzio lanak. Aitor Ortiz de Felipe aritu da grabazio eta edizio lanetan.
Bide batez, komunikazio batzordeak «bihotz-bihotzetik» eskerrak eman nahi izan dizkie elkarrizketatuak izan ziren 80 lagunei, «eta nola ez, eskerrik beroenak ikastolak egingarri bihurtu dituzten guztiei, batez ere, garai zailen aitzinean makurtu ez ziren haiei».