Nafarroako Gobernuak merituen dekretua onartu du, bost urteren buruan, Euskalgintzaren iritziaren aurka
Eremu mistoan deialdi bakoitzean zehaztu beharko da euskarari zein atzerriko hizkuntzei ematen zaien puntuazioa, eta eremu ez euskaldunean ez dute euskara baloratuko.
2024-ko azaroak 7
Iturria: Euskalerria Irratia
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Barkos lehendakariaren gobernuaren merituen dekretuaren hainbat zati baliogabetu eta bost urtera onartu du foru exekutiboak arautegi berria. Esan gabe doa PSNren eta Geroa Bairen arteko negoziazioak luze bezain korapilatsuak izan direla.
Merezimenduen dekretu berri honek, arau orokor bezala, dio deialdi bakoitzean erabaki beharko dela zein puntuazio ematen zaion euskarari eta atzerriko hizkuntzei (frantsesa, ingelesa eta alemana), lanpostu bakoitzaren behar espezifikoak aztertu eta gero. Dekretuak ez du zehazten zein lanpostutan baloratuko den euskararen eta beste hiru hizkuntzen ezagutza: ez ditu zerrendatzen.
Dekretuak dioenez, euskararen ezagutza Euskararen Foru Legearen araberako eremu euskaldunean ez ezik mistoan ere baloratu ahal izanen da, baina ez modu orokorrean, baizik eta lanpostu bakoitzaren ezaugarrien eta behar zehatzen arabera. Eremu euskaldunean ez dute euskara baloratuko, eta bai, aldiz, atzerriko hizkuntzak.
Nafarroako Kontseiluak eremu mistoan euskararen balorazioa lanpostuaren beharren arabera egiteko eskatu zuen, Barkosen gobernuaren aurkako epaileen ebazpenean oinarriturik, eta Nafarroako Gobernuak eskaera hori onartu egin du. Atzerriko hizkuntzei dagokienez, haien ezagutza ere lanpostuaren ezaugarrien arabera erabakiko dute.
Dekretuak Administrazioan hizkuntzei eman dakizkiekeen balorazioaren kasuistika jasotzen du. Lehiaketa-oposizioetan lehiaketak gehienez puntuen %30 eman ahal izanen du, eta euskara %11 baloratuko da eremu euskaldunean eta %7 mistoan. Lehiaketetan, euskararen ezagutza gehienez 11,1 punturekin baloratuko da eremu euskaldunean, eta 6,66rekin mistoan. Atzerriko hizkuntzek gehienez 5 puntu emanen dituzte.
Merituen dekretua “atzerapauso onartezina” dela salatu dute Kontseiluak eta Behatokiak
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak gogor egin dute Nafarroako Gobernuak atzo onarturiko merituen dekretuaren aurka, prentsa ohar baten bitartez. Herri ekimeneko euskalgintzaren aburuz, arau berria “atzerapauso onartezina da” eta “oldarraldi euskarofobo eta atzerakoiaren” parte da.
Kontseiluak eta Behatokiak azaldu dutenez, orain arte euskararen ezagutza Euskararen Foru Legearen araberako eremu ez euskalduneko zenbait lanpostutan balora zitekeen. Haatik, dekretu berriarekin aukera hori debekatu egin dute. Atzerriko hizkuntzak, aldiz, baloratu egiten dituzte.
Eremu mistoan, 1994an euskararen ezagutzaren balorazioa %10 eta %5 artekoa zen lanpostu guztietan. 2009an %3 eta %6 artekoa izatera pasa zen. Orain, berriz, balorazioa ez da orokorra izanen, eta lanpostu jakin batzuetan besterik ez da sarituko euskara jakitea. Eremu euskaldunean ere atzera egiten du, “epaileek agindutakoaz harago”.
LAB eta ELA sindikatuek ere dekretuaren aurka egin dute, aski ez delakoan eta herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituelakoan. AFAPNAk eta UGTk, berriz, alde egin dute. Geroa Bairen arabera, dekretuak “egungo egoera kritikoa hein batean zuzentzen du”, baina “hutsune garrantzitsuak ditu”.