Nafarroako Gobernuak Haur Hezkuntzako lehen zikloa aztertzeko lantalde bat sortzea erabaki du

Nafarroako 0-3 Plataformak bilera izan zuen Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdi politikoekin joan den ostegunean, eta Parlamentuko alderdi politiko guztiek osatuko duten lantalde berri horretan parte hartuko du euren eskariak eta proposamenak jorratzeko.

2020-ko azaroak 11

Urte askoan, klase politikoak, hainbat formatutan, zikloaren baldintzak hobetzeko borondatea erakutsi du, baina lehen aldiz denbora luzean, urrats sendoak emateko eta hezkuntza- ziklo hau duintzeko bidean aurrera egiteko sentsazio komun batekin atera ginen bileratik.

Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu Gobernuak Haur Hezkuntzako lehen zikloko lantalde bat sortzearen inguruan hartu duen konpromisoa.

Talde hori Parlamentuko alderdi politikoek osatuko dute. Ziklo hau kudeatzen duten administrazioek ere parte hartuko dute; Hezkuntza Departamentuak, zeina aldi berean taldearen buru izango baita, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Gizarte Eskubideen Departamentuak. Nafarroako 0-3 Plataformak ere lantalde horretako kide gisa parte hartuko duela uste izan da; izan ere, haur-hezkuntzako lehen zikloak, kudeaketa maltzurragatik, ez baitu, hurrengo etapetan bezala, mahai sektorialik.

Lantaldea ofiziala izango da, eta 0-3 zikloa duintzeko bidean aurrera egiteko abiapuntua da. Bilera horretan, parlamentua aurrekontuen negoziazio betean murgilduta dagoenez, Nafarroako 0- 3 Plataformak planteatu zuen 2020-2021 ikasturtean duela 15 egun emandako eskola-errefortzuari eutsi behar zaiola. Gure ustez, ezinbestekoa da gastu hori finkatzea datozen ikasturteetarako. Nola ez, Plataformak egungo ratioak jaisteko eskatzen jarraitu zuen. Zehazki, adin-tarte bakoitzeko ratioa bat jaisteko ahalegina egiteko eskatu zen, Haurrentzako Europako Batzordeak gomendatzen dituen ratioetarako bidea finkatuz. Ratio horiek gaur egun Nafarroan indarrean daudenen erdian ezartzen dira.

Taldeak bere erritmoa behar du osatzeko, eta, horregatik, proposamen hori zentzuzko denboran eta moduan gauzatzeko zain egongo gara.

Aldi berean, 2021erako aurrekontuei egin beharreko emendakinak aurkeztuko ditugu, Plataformak hurrengo ikasturterako egin dituen bi proposamen zehatzei aurrekontu nahikoa emateko.

Ostegunean jakinarazi zitzaigun, halaber, urriaren 30ean errefortzuko langileak kontratatzeko iragarri zen 1.365.000 euroko zenbatekoa ez datorrela 2020rako aurrekontua handitzetik. Kopuru hori EH Bilduren eta PSNren arteko 2020ko aurrekontuen akordioan hitzartutako 600.000 euroz eta lehen zikloko aurreko ikasturtean gauzatu gabeko aurrekontuaz osatzen da. Aurrekontu hori ez da gauzatu joan den martxoan haur-eskoletako langileekin kontratuak bertan behera gelditu zirelako. Egoera horren ondorioz, udalek ezin izan dituzte behar bezala justifikatu langile-gastuak, Hezkuntza Sailarekin sinatutako finantzaketa-hitzarmenetan oinarrituta. Beraz, zenbateko hori 0-3 zikloan itzultzeko erabakia hartu da.

Gehiago