Nafarroako Gobernuak bere herritar guziak iraindu ditu

2014-ko maiatzak 28

Egunero gertatzen da, Nafarroa osoan: Haurra pediatrarengana eraman, Administrazioko leihatila batera joan, liburuzainari zerbait galdegin, foruzainen aurrean salaketa egin… Eta esaten digute ezin digutela euskarazko zerbitzurik eman. Eta ez da inolako neurririk hartzen euskaldunek Administrazioarekin euskaraz hitz egin ahal izateko; are gutxiago euskara sustatzeko.

A eta B mailako oposizio guztietan ingelesari % 10 arteko puntuazioa ematen zaio 2009. urtetik, eta erabakigarria bihurtu da, nahiz gero lanpostuan ez den deusetarako erabiliko, eta euskara ez da inola ere baloratzen. Nafarroako Arartekoak, horren aurrean, hauxe gomendatu dio Gobernuari: Ez dadila ingelesa edo beste edozein atzerriko hizkuntza euskara baino gehiago baloratu Administrazioan sartzeko, kontuan izanik euskara Nafarroako hizkuntza dela.

Hona hemen Gobernuak maiatzean emandako erantzuna: Indarreko legeak ez duela debekatzen atzerriko hizkuntzak euskara baino gehiago baloratzea, eta ez diola Arartekoaren gomendioari kasurik eginen.

Erantzun hori iraina da, euskarari eta nafar guziei (euskaldun izan edo ez), euskara gure hizkuntza baita. Nola ager dezake lotsarik gabe atzerriko hizkuntzak sustatu eta euskara baztertzeko asmoa duela? Administrazioan Euskaraz Taldea eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteek Gobernuaren jarrera salatzen dugu, eta euskara(z) ikasteko eta euskarazko zerbitzua eman ahal izateko neurriak eskatzen. Adibidez Administrazioan sartzeko probetan euskara kontuan hartzea, bestela, ezinezkoa da herritarrek administrazioarekin zein euren egunerokoan euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatzea, eta, hala, euskara eta euskaldunak enegarren mailakoak dira euskararen herrian bertan. Beste bide batzuk ere eskatzen ditugu: Mediku euskalduna izateko eskubidea bermatzea, telefonista euskaldunek agurra euskaraz ematea, etab.

Gehiago