Nafarroako erresidentzietan urtarrilak 13ko greba komunikatu diote CEN patronalari
ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek urtarrilaren 13rako grebara deitu dute Nafarroako adinekoen arretarako lehen hitzarmenean lan baldintza duinak lortzeko asmoz.
2021-ko abenduak 30
Adinekoei arreta emateko sektorean, egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuetan lan egiten duten 4.000 pertsona baino gehiago datorren urtarrilaren 13ko greba-egunera deituta daude.
Greba urtarrilaren 13ko 7:00etan hasiko da, goizeko txandan, eta urtarrilaren 14ko 7:00etan amaituko da, gaueko txandaren ostean.
Sindikatuek negoziazioa hasi zenetik, duela 7 hilabete, patronalari eta Nafarroako Gobernuari mahai gainean jarri zizkieten sektorean lan-baldintza duinak bermatzeko aldarrikapenak. “Bilera guzti-guztietan jakinarazi diegu orain ere premiazkoa dela egiten dugun lana aitortzea, batez ere pandemian, izan ere, garai honetan gure osasuna birusaren mende jartzera behartu gaituzte eta eskubideak kentzen saiatu dira (oporrak, baimenak, atsedenaldiak). Bizi dugun egoera prekarioa gorabehera, patronalak (ANEA eta LARES) ez du mahai gainean hobekuntza esanguratsurik jarri; hori nahikoa ez-eta, gure baldintzak okertu egin ditu, langileekiko eta ematen dugun zerbitzuarekiko errespeturik erakutsi gabe”, salatu dute sindikatuek. Nafarroako Gobernuko ordezkarien begirada “konplizea” ere arbuiatu dute “ordezkari horiek ez baitira gai patronal horiek interpelatzeko, baldintza eta zerbitzu duinak berma ditzaten”.
Sindikatuen hitzetan “nafar guztiok merezi dugu hirugarren adinekoen arretarako eredu publiko, duin, unibertsal eta doakoa eta, horretara iristeko, ezinbestekoa da Nafarroako hirugarren adinekoen arretarako lehen hitzarmena lortzea”.
Grebara jotzeko erabakia hartu dute Patronalak eta Nafarroako Gobernuak ez dietelako “beste aukerarik uzten lan-baldintza duinak lortzeko”, esan dute.