Nafarroako errepideetan euskararen normalizazioa eskatu dute
Eragile euskaltzaleek eta sindikatuek elkarretaratzea egin dute salatzeko "Nafarroako Gobernuak behin eta berriz jotzen duela euskararen kontra errepideetako seinaleetan", eta oraindik ere, "oso maiz" jartzen dituela errepideetako seinaleak gaztelania hutsean, baita Legeak “eremu euskaldun” izendatutakoan ere.
2025-ko maiatzak 23
Oraindik ere, Nafarroako errepideetan gazteleraz hutsezko seinaleak ikus daitezke nonahi. Are gehiago, deituriko eremu euskaldunean eta mistoan batzuetan gertatzen da. Herritarrek horri buruzko kexak jartzen dituztenean Arartekoan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak aldiro erantzuten du ez dagoela behartua seinaleak ele bitan jartzera, ezta “eremu euskaldunean” ere, argudiatuz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epai bat eman zuela 103/2017 Foru Dekretuaren kontra (UGTk jarritako errekurtsoarengatik), eta jada ez dagoela horretara beharturik.
Arartekoak, bere aldetik dio “eremu euskaldunean” behartua dagoela seinaleak euskaraz ere jartzera, eta Nafarroako gainerako tokietan ez dagoela inolako eragozpenik seinaleak euskaraz ere jartzeko. Beraz, borondate politikoaren kontua dela argi geratzen da.
Nafarroako Gobernuak, EH Bildurekin 2025eko aurrekontuak babesteko sinaturiko akordioan bide-seinaleetan eta karteletan elebitasuna bermatzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez da betetzen ari.
“Horrexegatik, eskatzen dugu Nafarroako errepideetako kartelak euskaraz izan daitezela, Nafarroa osoan. Ez dezatela besterik onartu Nafarroako Gobernuko bazkideek eta babesleek. Nafarroako errepideetan, euskaraz!”
