Nafarroako eragile sozialek seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzeko deia egin diete gurasoei 

Nafarroako ikastetxeetako aurrematrikulazio epea gerturatzen ari dela eta, euskarazko ereduetan matrikulatzearen aldeko «Etorkizuna euskaraz hazi» kanpaina bateratua aurkeztu dute Nafarroako euskalgintzako eta hezkuntza eragile nagusiek, sindikatu euskaltzaleekin batera Hezkuntza Departamentuaren aurrean egindako agerraldian. 

2026-ko urtarrilak 22

Nafarroako euskalgintzako eragileek (AEK, IKA, Errigora, Taupa Mugimendua, EHE, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Dindaia, AET, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Euskalgintzaren Kontseilua) eta hezkuntza arloko eragile eta sindikatuek (Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen Elkartea, NIZE zuzendarien elkartea, IKAMA Nafarroa, NUPeko Euskara Taldea, LAB, ELA eta STEILAS) adierazpen bateratu bat egin dute euskarazko ereduan matrikulatzearen alde.

Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak, Aitziber Garmendia Sortzen Elkarteko ordezkariak, eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak egindako adierazpenean nabarmendu dute “haurrei euskara ematea haietako bakoitza pertsona eta herritar gisa aberastea” dela. “Kultur unibertso oso baterako atea irekitzea, eleaniztasunerako gaitasuna indartzea, Nafarroako berezko hizkuntzaren jabe egitea, etorkizunean herritar osoagoa izateko bidea eskaintzea… Euskarazko ereduek euskara, gaztelania eta hizkuntza gehiagoren gabe izango diren ikasleak sortzen dituzte; harremanak zabaltzeko bidea ematen dute, trebakuntza eta aukera profesionalak areagotzeko modua dira, garapen pertsonalean sakontzekoa. Nafarroaren osotasuna jasotzeko giltza. Azken batean, euskarazko ereduek etorkizuneko ateak eta aukera berriak irekitzen dizkiete haurrei.”

Euskararen etorkizuna bermatzeko, matrikulazioa ezinbesteko urratsa ere badela azpimarratu nahi izan dute. “Kinka larrian den euskarari, Nafarroako berezko hizkuntzari, etorkizuna bermatzea, Pizkunde berri baterako hazia landatzea” dela esan dute. Euskara jakiteak ere “nafar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta betetzeko oinarriak jartzea” dela gehitu dute. “Hizkuntzen auzia arrakalarako bide izan dadin eragotzi eta gizarte kohesioa indartzeko modua, justizia sozialean aurrera egitekoa, eta, beraz, bizikidetzan eta demokratizazioan sakontzekoa”.

Etorkizun hobea olatu erreakzionarioaren aurrean
Haurrei euskara ematea “etorkizun hobe hori elikatzea” dela ziurtatu dute agerraldian. “Are eta gehiago gaur egun mundu osoan nagusitzen ari den testuinguru bortitzean. Izan ere, indartzen ari den olatu erreakzionarioaren parte da beste hainbat kolektibo zapalduren aurka bezala hizkuntza minorizatuen eta hiztun komunitate minorizatuen aurka egitea. Olatu erreakzionario hori hizkuntza hegemonikoak indartzera dator, beste supremazismo batzuekin batera hizkuntza supremazismoa sendotzera. Olatu horren aurka egiteko tresna indartsua dugu euskara: tokikoaren, komunitatearen, aniztasunaren, askatasunaren, justiziaren eta bizikidetzaren alde egitea den heinean. Gure seme-alabei euskara ematea mundu bizigarriago baten alde egitea da”.

Nafarroan euskaraz eskubide osoz

Nafarroan ezarritako Vascuenceren Legea dela eta, oraindik ere euskaraz ikasteko dauden zailtasun eta mugak salatu dituzte. “Leku askotan seme-alabei euskara emateko hautua egitea zailtasunez beteriko bide bat da gurasoentzat eta zenbait herri eta ikastetxetan ez da euskarazko ereduez informatzen edo familiak baldintzatzen saiatzen dira. Horregatik, dei berezi bat egin nahi diogu Nafarroako Gobernuari, eta zehazki Hezkuntza Departamentuari, euskarazko ereduei bide emateko trabak ezarri ordez erraztasunak eskaini, eta, are, euskarazko ereduen bultzatzaile izan dadin ikasle nafar guztiek euskararen oinarrizko ezagutza eskuratzea bermatua izan dezaten”.

Gehiago