Nafarroako enplegu plana kritikatu du LABek, edukirik gabekoa litzatekeelako, eta langileen aldeko benetako neurriak aldarrikatzeko kanpaina abiatuko du

LAB sindikatuak, Imanol Karrera bozeramaileak gaur eman duen prentsaurreko baten bidez, kritikatu egin du Nafarroako enpresariek UGT eta CCOO eta Nafarroako Gobernua behartu dituztela soldata igoera eta lanaldia murriztea hurrengo enplegu planaren negoziaziotik at gelditzera; hartara, akordioa pisuzko edukirik gabe geldituko litzateke berriz ere.

2024-ko irailak 25


Ildo horretan, LABek langileen aldeko neurri errealak aldarrikatzeko kanpaina bat jarri du martxan –1.600 euroko gutxieneko soldata, 30 orduko lanaldia eta zerbitzu publikoak indartzea xede dituena–, eta, horren barruan, urriaren 10ean Burlatan mobilizatuko da, Iturrondo Enplegu Agentzia Integralaren aitzinean.

LAB sindikatuak hilabeteak daramatza Nafarroako gehiengo sozialaren egungo egoera hobetzeko aukera azpimarratzen, etorkizuneko erronka handien aurrean egiturazko aldaketak gauzatzeko anbizioa aldarrikatuz. Izan ere, borroka sindikal eta sozialari esker, langileontzat garrantzitsuak diren auziak kokatu dira agenda politikoaren erdigunean maila desberdinetan bada ere: soldatak, lanaldia, etxebizitza, zaintza, zerbitzu publikoak eta osasun sistema publikoa, autogobernua-estatus politikoa…

Baina Nafarroako enpresariak ez daude egoerak eskatzen duen mailan. CEN patronalak soldaten igoeraren eta lanaldiaren murrizketaren gaiak Nafarroako Enplegu Planaren negoziaziotik kanpo uztera behartu ditu UGT eta CCOO sindikatuak zein Gobernua. Hala ere, udazkenean horren propagandarako ariketa eginen dute aipatutako eragileak.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuak huts eginen du uste badu egungo egoera hobetu daitekeela edukirik gabeko akordioekin, diru laguntza batzuetara eta interes korporatiboetara mugatutako akordioekin. Murrizketak baztertzen ez diren testuinguru batean Gobernua, CEN, UGT eta CCOO eragileen arteko betiko argazkia zentzugabea eta mingarria izanen da herrialde honetako langileentzat. Nafarroako langileei ezertan mesede egiten ez diena. Are gehiago, dirua ez dagoenean zahar egoitzetako emakume langileentzat. Gobernuak ez dauka borondaterik patronalaren interesekin konfrontatzeko eta, hori egin ezean, ezin izanen zaio aipatutako arazoei benetako erantzunik eman.

Konfrontaziorik gabe ez dago sakoneko aldaketarik. Lantoki eta sektore mailako borroketan parte hartzen jarraitzearekin batera, Gobernua eta patronala interpelatzeko kanpaina jarriko du martxan LAB sindikatuak. Euskal Herrian, Nafarroan, langileen aldeko erabakiak hartzeko presio egitera goaz. Langileen alde, eta hemen erabaki nahi dugu, badagoen erabaki ahalmena erabiliz nahiz erabaki ahalmen hori handituz.

Zehazki, hiru dira LABek bere kanpainaren bidez aldarrikatuko dituen premiazko neurriak.

  1. 1.600 euroko gutxieneko soldata. Egun, Nafarroan enplegu bat izatea ez baita pobreziaren arriskutik urruntzeko bermea.
  2. 30 orduko lanaldia. Jardunaldi murrizketa ezinbesteko erronka da. Enplegua eta lana banatzeko eta zaintza kolektibizatzeko.
  3. Zerbitzu publikoak indartzea. Lehentasunez hiru eremutan: zaintza, osasuna eta etxebizitza.

Kanpaina horren barruan, urriaren 10ean, eguerdian, LABek mobilizazio bat eginen du Burlatako Kultur Etxetik Iturrondo Enplegu Agentzia Integralera, Nafarroako langile guztientzako lan baldintza duinak eskatzeko.

Gehiago