Nafarroako Auzitegiak dio Iruñeko istiluak ez direla “terrorismoa”

Atzera bota du Iruñeko 4. instrukzio auzitegiaren erabakia. Ez du onartu, ordea, gazteak aske uzteko eskaera. Autoa irmoa da.

2017-ko apirilak 12

Nafarroako Auzitegiarentzat, joan den martxoaren 11n Iruñean gertatutako istiluak ezin dira “terrorismo” delitutzat hartu. “Ez dago inongo erreferentziarik esateko gertaerak erakunde edo talde kriminal baten eraginpean izan zirela, ez baitago inongo erakunderen erreferentzia zehatzik”, azaldu dute epaileek.

Iruñeko instrukzio auzitegiaren irizpidearen aurka egin dute erabaki horrekin; izan ere, auzitegi hark “terrorismo” delitutzat jo zituen istiluak, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu behar zituela ebatzi zuen. Madrilgo auzitegiak bere gain hartu zuen auzia ondoren, baina Nafarroako Auzitegia ez dago ados horrekin, eta, dauden zantzuak aintzat hartuta, desordena publikotzat jo ditu istiluak. Ondorioz, auzia Iruñeko instrukzio auzitegian ikertu behar dela ebatzi dute, espetxeratutako gazteen abokatuek eskatu bezala. Autoa irmoa da.

Errenteriako (Gipuzkoa) hiru gazte espetxeratu zituzten istilu haien ondoren —beste bat libre utzi zuten, adingabea delako—, eta haiek aske uzteko eskatu zuen gazteen abokatuak, baina eskaera hori atzera bota dute epaileek.

Gehiago